Mikel Bizkarra Zegaman irabazle eta Kantabrian onenen artean

Anboto 2014ko ira. 3a, 10:53
Mikel Bizkarra Zegamako lasterketa irabazi ostean (Iturria: Facebook-Gorka Bizkarra)

Domekan Zegamako lasterketa irabazi zuen. Atzo eta herenegun Kantabriako Itzulian aritu da eta aurreneko hamarren artean amaitu du.

 

Mikel Bizkarra mañariarrak (Gomur taldea) goi mailako errendimendua eskaini du azken egunetan. Lehenengo, joan zen domekan Zegamako San Bartolome saria irabazi zuen. Barbari mendateko azken igoeran erasoa jo eta goian aurkariei ateratako segundoak nahikoa izan ziren helmugara bakarrik heltzeko. Beste behin, aldapan gora dituen dohaiak erakutsi zituen.

Astelehenean eta martitzenean, aldiz, Kantabriako Itzulian aritu zen eta talde osoaren antzera, maila handia erakutsi zuen. Gomur-ek taldekako sailkapena irabazi zuen. Gainera, hiru txirrindulari lehen hamarren artean sailkatu dira; Bizkarrak zortzigarren amaitu du. Imanol Estebez (Zirauna-Infisport) izan da irabazlea: "Talderik indartsuena izan garela erakutsi dugu. Gozatu egin dut taldekideentzako lana egiten eta sari nagusia irabazteko zorian izan gara. Azkenean eztia ezpainetan geratu gara, baina Imanol horrela dabilenean ia ezinezkoa da berari irabaztea. Zorionak Imanol", adierazi du Mikel Bizkarrak sare sozialetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!