Joan zen barikuan Mallabian egindako Kickboxing eta K1 Txapelketa emankorra izan zen eskualdeko borrokalarientzat. Batetik, Marina Valverde durangarrak Euskadiko K1 amateur txapelketa irabazi zuen Sestaoko Kwoon Shaolin klubeko Tamara Fernandezi puntuetara irabazita. Bestetik, Dani Calvo durangarrak Top Ring gerrikoa eskuratu zuen Santanderko Gladiator Academyko Dani Rebolledori lehen roundean KO bidez irabazita. Bi borrokalariak Indar Xsport taldekoak dira.
Mallabiko jaialdian bederatzi borrokaldi egon ziren eta, besteak beste, Gasteizko, Bilboko, Santanderko eta Errioxako klubak batu zituen. Orain arte Mallabian antolatutako bost jaialdietatik "jendetsuena" izan zela nabarmendu dute antolatzaileek.
Ekimena Indar Xsportek, Euskal Boxeo Federaziok eta Euskadiko Kickboxing eta Muay Thai Sailak antolatu zuten, TOP Ring promotorearen eta Mallabiko Udalaren laguntzarekin.

Dani Calvo Top Ring gerrikoagaz eta bere entrenatzaileekin.