Olatz Salvador musikaria eta Luhartz eta EinGO erromeriak Mallabiko jaietan

Aritz Maldonado

Olatz Salvador. Airaka

Abuztuaren 14tik 16ra bitartean, Andra Mari jaiak ospatuko dituzte Mallabian. Aurtengoan ere, musikak tarte berezia izango du. Herriko trikitilariek emango diete hasiera jaiei, 11:30ean. Ordu horretan, umeentzako haur parkea egongo da frontoian. Ofizialki, andramariak 19:00etan hasiko dira, Berbalagun ekimeneko joskintza tailerreko kideek irakurriko duten pregoiagaz. Ondoren, Me Vale Madre taldeak kaleak girotuko ditu. 23:00etan erromeria doinuak nagusituko dira, Laprast taldearen eskutik.

Andra Mari egunerako, haur zein adinekoentzako moduko eskaintza egongo da. Besteak beste, Mute zirku-antzerki ikuskizuna eta EinGO taldeagaz erromeria ibiltaria. 17:00etan tute txapelketa jokatuko da Kontzejuzarrean. Iluntzean, 19:30ean, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua egongo da; Aner Peritz, Ane Labaka, Miren Amuriza eta Araitz Katarain bertsolariek, Maite Berriozabal gai jartzaileak eta Araitz Bizkai eta Oihana Landa musikariek parte hartuko dute. Eguna borobiltzeko, Olatz Salvadorrek kontzertua emango du parkean. San Roke egunean marmitako eta paella txapelketak egingo dituzte, eta arratsaldean kuadrillen arteko jolasak, Gazte Asanbladako kideek antolatuta. Gauean, Luhartz taldeak eta DJ Bull musika jartzaileak dantzana ipiniko dituzte mallabitarrak.

Pilota eta herri kirolak
Urtero legez, jaietako beste protagonistetariko bat kirol ekitaldiak izango dira. Abuztuaren 14an pilota partiduak egongo dira Mallabia I Kirol Etxean; Zubizarreta III.ak eta Morgaetxebarriak Rekalderen eta Aldaberen aurka jokatuko dute, eta, ondoren, Elordi eta Mariezkurrena (edo Albisu) bikoteak Zabala eta Imaz bikotearen aurka jokatuko du; partiduak 21:30ean hasiko dira. Pilota gaurako sarrerak abuztuaren 3tik 13ra egongo dira salgai udaletxean, 18 euroan (langabe, ikasle, jubilatu eta pentsiodunek 12 euroan erosi ditzakete, justifikazio txartela erakutsita); sarrerarik geratuko balitz, partiduaren egunean bertan salduko lirateke, 25 euroan.

Biharamunean, Mallabiko gizonezkoen XXXVI. eta emakumezkoen VI. harri jasotze saria jokatuko dute Harri Txikia herriko frontoian; gizonezkoek 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola altxatuko dituzte, eta emakumezkoek 62,5 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola. Probak 17:00etan hasiko dira eta irabazleek 900 euro eta txapela eramango dituzte. Emakumeetan Ane Zestau nafarra, Leire Olea eta Ziara Zabala gernikarrak eta Malen Morandeira gipuzkoarra lehiatuko dira. Eta gizonetan Hodei Amezkoa, Mikel Lopetegi 'Urra', Xuban Zumeta, Gari Elorriaga, Unai Osa, Eneko Bilbao, Aritz Abendibar 'Bengo' eta Jon Gisasola 'Zelai IV.a'.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!