'Aitatxo' dokumentala Mallabian, hilaren 21ean

M.Z. 2025eko abenduaren 15a

Anakotz Lasarte eta Fernando Alonso, dokumentalaren grabazioan.

Anakotz Lasarte berriztarrak sorturiko 'Aitatxo' dokumentala asteon estreinatu dute Gasteizen. Hurrengo emanaldia eskualdean izango da, Mallabian. Domekan proiektatuko dute, abenduak 21,18:00etan, Mallabiko frontoian

Anakotz Lasarte berriztarrak eta Iratxe Uribelarrea mallabitarrak seme bi galdu zituzten. Orain 12 urte, Gari; dolu perinatala izan zen. Eta orain zortzi urte, 2017an, Ekai, jaio eta egun gutxira, ebakuntza batean. Bizi esperientzia hori eta doluak utzitako ondorioak kontuan hartuta, Lasartek Aitatxo dokumentala sortu du. "Dokumentalagaz, alde batetik aitaren papera erakutsi gura dugu, eta, bestetik, egoera horretan dauden familiei esperantza mezu bat eman gura diegu. Baliabide bat izan dadin dolu terapietarako zein egoera horretan dauden familientzat", azaldu du Lasartek. 

Dokumentalean lau familia ageri dira, lau aita: Lasarte eta beste hiru. Beste hiruretako bat Mallabian bizi den Fernando Alonso eibartarra da. Alonsok eta honen emazte Amaiak Larraitz alaba galdu zuten. 32 urte zituen hil zenean. Dokumentalak lau aita hauen historioak eta bizipenak jasotzen ditu.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!