Durandaldeko Koparen sorburua iazko Urkiola Kopan dago, parke naturaletik igarotzen diren hiru mendi lasterketaren artean sortu zutena. Esperientzia positiboa izan zenez, deialdia eskualdera zabaldu zuten eta lasterketa guztiak batu ziren. Batasunak eskaintzen dizkien abantailak azpimarratu zituzten ekimena publikoki aurkeztu zutenean: kanpora begira amu bat da korrikalariak erakartzeko, eta barrura begira antolaketa errazten die, materiala eta giza baliabideak partekatzeko aukera dutelako.
Kopak sailkapen propioa izango du eta gutxienez lau probatan parte hartu behar da bertan sartzeko. Lasterketak lehiatu ahala, antolatzaileak sailkapena eguneratzen joango dira www.durangaldekokopa.com atarian. Atariak probei buruzko informazioa ere jasotzen du.