Eskualdeko mendi proben festa hastear, 7 Pagogaz

Anboto 2025ko mai. 16a, 13:30

Durangaldeko mendi lasterketen festa hastear da. Asteburu honetatik urri amaierara, eskualdeak zortzi lasterketa hartuko ditu beste hainbeste herritan. Lehenengo hitzordua Mallabiko 7 Pago mendi lasterketa da, zapatuan.

Aurten bigarren aldia egingo du. Lasterketa bi izango dira: 25 kilometroko luzea eta 16 kilometroko laburragoa. Luzeko ibilbidea iazko bera izango da; Zengotitatik haize-errotetaraino igo, Trabakura jaitsi eta handik Oiz tontorrera igoko dira berriro. Ibilbide laburrean aldaketa txiki bat egin dute.  

Izen ematea arrakastatsua izan da. Iaz 286 korrikalari batu ziren eta aurten 375 lagunek eman dute izena. Iaztik hona emakumeen parte-hartzea asko hazi da, 57tik 85era.

Antolakuntzarako "boluntario talde zabala" dute eta iazko estreinaldian ikasitakoa baliagarria izango zaie aurtengo erronkari aurre egiteko, antolakuntzako Xabat Uzuriagaren esanetan. Gainera, aurten martxan ipini den Durangaldeko Koparen barruan egoteak ere laguntzen die boluntarioak zein anoa guneetako materiala lortzeko.

Parte hartzaileen artean, emakumeetan egongo den maila azpimarratu dute antolatzaileek. Besteak beste, Nora Narbaiza eta Zutoia Odriozola elorriarra lehiatuko dira. Gizonetan, Irazu Aranburu eta Iñigo Pradera mallabitarrak irteeran egongo dira, iazko irabazlea eta bigarren sailkatua, hurrenez hurren.

Umeei begira
Aurten ahalegin berezia egin dute umeengana eta familiengana heltzeko. Batetik, arratsalderako umeen lasterketa antolatu dute, Mallabiko eskolako guraso elkarteko kideekin batera. Kilometro inguruko ibilbidea prestatu dute herrigunean. Txikienek, gurasoek lagunduta gura izanez gero, itzuli bat emango diote ibilbideari, eta nagusienek bi. Antolatzaileek azpimarratu dute zailtasun txikiko ibilbidea dela; zatirik handiena aldats behera da. Opariak egongo dira denentzat.

Bestetik, goizetik eguerdira umeentzako puzgarriak egongo dira parkean, lasterketak martxan diren bitartean umeek jolasteko eta entretenitzeko aukera izan dezaten.

Ekimen gehiago
Lasterketak amaitu eta gero, jai-giroak aurrera jarraituko du. 16:30ean gazta eta garagardo dastatzea hasiko da, udalak antolatuta. Ondoren, Zaparrada elkarteak antolatuta eta Euskaraldiaren barruan, hitanoz poteatzeko aukera egongo da karro poteoan. Poteoko ibilbidea frontoitik hasiko da.

Ekimenez beteriko egitaraua

7 Pago Mendi Laterketaren harira, egun osoko egitaraua antolatu dute herriko eragileekin batera.

  •   09:30 Lasterketa luzea
  •  10:00 Lasterketa laburra. Plazan talo eta gozo postuak
  • 10:30-13:30 Umeentzako puzgarriak parkean
  •  13:30 Sari banaketa
  • 14:00-16:00 Zutik elektrotxaranga
  • 16:00 Umeen lasterketa
  • 16:30-18:30 Gazta eta garagardo dastatzea frontoian
  • 18:30 Karro poteoa frontoian hasita
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!