[ARGAZKI GALERIA]: Mendibil abesbatzak hasiera eman die Mallabiko Andra Mari jaiei

Ekaitz Herrera 2024ko abu. 14a, 19:40

Abesbatzak behar bezala hasi ditu jaiak. Ohikoa duen eran, kantuz. Pello Mugarzak idatziriko hiru bertso abestu dituzte udaletxeko balkoitik. "Harrotasunez esan dezagun, gora gure Mallabia!" esanda, txapligoak bota dituzte.

Arratsalde honetan jaiak ospatzeari ekin diote Mallabian. Mendibil abesbatzako kideek bota dute aurtengo txapligua. Arratsaldeko 19:00ak baino apur bat lehenago sartu dira udaletxeko atetik eskaileretan gora, trikitilariak lagun. Behean herritarrak izan dituzte zain, jaiak noiz hasiko. Igor Agirre alkateak jaietan ondo pasatzeko deia egin die herritarrei, eta, segidan, Mendibileko kideek ohikoa duten eran bota dute pregoia. Kantuan. Pello Mugarza herrikideak idatziriko bertso-sorta baten hiru kopla abestu dituzte. Sendo eta alai. Behin eztarriak berotuta, txapligoa bota dute, eta, azkenik bertaraturiko guztiei karameluak botatzen hasi dira. Jaietako lehenengo orduak Motociclones elektrotxarangak girotu ditu.

Jaiak gaurtik etzira arte izango dira. Biharko egitarauan Anariren kontzertua, Tio Teronen semeak konpainiaren dantza ikuskizuna eta Ez Da Kasualitatea bertso saio musikatua nabarmentzen dira. Etzi, paella lehiaketa izango dute. Egitarau osoa HEMEN kontsultatu daiteke. 

Pregoia:

Mendibileko kideek Pello Mugarzaren honako bertso hauek kantatu dituzte. Mugarzak abesbatzaren 20. urteurrena ospatzeko idatziriko zortzi bertsoetatik hiru:

Bizkaiko herri txukuna
Oizko mendi magalean
Auzoetako mendi muinoen
begirada zabalean
Pinadi, harizti, intxaurrondo ta
pagadien itzalean,
zorioneko egiten gaitu
gure txiki apalean

Erreparoa jarri daiogun
Mendibil abesbatzari
Hogei urteko bidean
egindako lan gaitzari
heldu ta gazte nekerik gabe
lotuak kantugintzari
alegrantzia erakartzeko
herritarron bizitzari

Hauxe da gure txoko txikia
hauxe da gure kabia
arrosa eder baten pareko
ez arantzarik gabia
guraso zaharrek utzi diguten
ondasun paregabia
harrotasunez esan dezagun
gora gure Mallabia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!