Mendibil abesbatzaren txupinazoagaz eta pregoiagaz abiatukodituzte, abuztuaren 14an, Mallabiko jaiak. Eta, zelan ez, abesbatzak ondoen dakiena egiten hasiko ditu jaiak: kantu kantari. Hain zuzen ere, hainbat bertso abestuko dute.
Hauxe da bertso horien istorioa: maiatzean, 20. urteurrena ospatzeko kontzertua egin zuten pilotalekuan. Ekitaldi horri begira eta abesbatzak hala eskatuta, Peio Mugarzak urteurrenari buruzko zortzi bertso sortu zituen, Andre Madalen doinuan. Euretariko hainbat abestu zuten, publikoagaz batera, dantzariek eta trikitilariek lagunduta. "Oso letra politak dira", esan du abesbatzako Iratxe Uribelarreak. Horregaitik, ideia ona iruditu zaie txupinazo egunean bertso sorta horretako ale batzuk kantatzea.
Maiatzeko ospakizuna mimo handiz prestatu zuten eta jendeari "asko gustatu" zitzaiola gogoratu du Uribelarreak. Herriko Jasokunde abesbatzakoek eta Gazte Alai dantza taldekoek ere parte hartu zuten ekimenean. Soinu teknikari baten laguntza ere izan zuten, pilotalekuko akustikagaz laguntzeko. Kontzertuan zehar Izar ederra eta Maritxu nora zoaz abestiak kantatu zituzten. Abesbatzarentzat esangura berezia dute biek, orain 20 urte abestu zituzten lehenengoak direlako.
Mendibilen sorrera
Mendibil abesbatza sortu zenerako urte batzuetako ibilbidea zeraman umeen Jasokunde abesbatzak. Jasokundekoak Gabonetan eta Santa Ageda egunean baserririk baserri abestera joaten ziren urtero. Horrelako irteera batean, nagusien abesbatza berri bat egiteko ideia bururatu zitzaien guraso batzuei. Denboragaz ideia gorpuzten joan zen, eta azkenean taldea sortu zuten. Ez ziren musikan trebatuak, baina "afizioa eta ilusioa" sobera zuten. "Inork ez zekien solfeorik. Hasiera ez zen erraza izan. Abesti sinpleak kantatzen genituen, ahots bikoak eta antzerakoak", nabarmendu dute.
Baina apurka ikasten eta aurrerapausoak ematen joan dira, gaur egungo mailara heldu arte. Kontzertu berezia Abesbatzak hainbat ekintza egiten du urtero: Santa Ageda eta Gabon batzeak, maiatz-ekain inguruko emanaldiak, Santa Zezilia egunekoa… Baina hamarkada biko ibilbidean hitzordu bereziak ere izan dituzte.
Esaterako, 2019an Gontzal Mendibil abeslariak Mallabian emandako kontzertuan parte hartu zuten, Jasokunde abesbatzagaz batera. Besteak beste, Bagare, Billoxik, Gure euskera eder maitea eta Memorian abestiak kantatu zituzten.
Musikari zeanuritarraren abizenak, abesbatzaren izenak eta bien arteko lankidetzak lotura bat aditzera eman dezaketen arren, Mendibil abesbatzaren izenak beste jatorri bat du: Mallabiko Mendibil menditik hartzen du izena.
Pantxoa eta Peiokin ere egin zuten gabon kontzertua 2010 inguruan. Gainera, Mikel Laboaren heriotzan 3.urteurrenean herriko musikari eta dantzariekin batera abeslariaren kantutegiko hainbat kanturen kontzertua ere eskaini zuten. Bestalde, Gabonetan urte askoan gabon inguruko ipuin bat ere egin dute, Olentzeroren eskutitz bilketarako.
Errepertorio zabala
Sortu zirenetik hona abesti asko landu dute eta errepertorio zabala osatu dute. Euskal kantak dira asko, baina esparru berriak ere arakatu dituzte, bai estilo aldetik eta baita hizkuntzari dagokionez ere. Adibidez, afrikar doinuak ez zaizkie arrotzak, eta swahili hizkuntzagaz ausartu dira. "Beste erritmo batzuen bila genbiltzan. Betikotik irten gura genuen. Kanta errazak dira, nik gaztetan Jasokunden edo beste koro batean ikasitakoak", argitu du Uribelarreak.
Beste hizkuntza batzuei dagokienez, ingelesez Leonard Coen musikariaren Hallelujah abesti famatua kantatua dute; baita Ennio Morriconek Misioa filmerako sorturiko soinu bandako Gabriel's Oboe ezaguna ere.
Maiatzean, 20. urteurrenean, Peio Mugarzak sortutako bertsoak kantatu zituen Mendibilek, dantzarien laguntzarekin. Bideoa ekitaldi hori ikusi daiteke.