Mallabiko Ez Esan! lehiaketako otsaileko irabazlea iragarri dute

Anboto 2024ko mar. 7a, 11:30
Nahia Unamunok jaso ditu otsaileko opariak.

Zortzi lagunek asmatu zituzten otsaileko bost galderak.

Mallabiko Berbalagunek eta udalak Mallabiari buruzko Ez Esan!' galdera-erantzunen jokoa hasi zuten otsailean. Zortzi lagunek asmatu zituzten otsaileko bost galderak, eta, euren artean zozketa eginda, Nahia Unamuno izan da otsaileko irabazlea. Berak jasoko du hilabete horretako oparia. 

Zozketa bidez beste izen bat ere aukeratu zuten: Ibaia Azagirre. Izan ere, maiatz-ekain inguruan lehiaketari kolofoia ipiniko dion gala bat egingo dute. Bertan, bikoteka lehiatuko dira. Beraz, gala horretako bikote bat Nahia Unamunok eta Ibaia Azagirrek osatuko dute.

Martxoko bost galderak datorren astelehenean jakinaraziko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Horrela, hilerik hile, azken galarako bikoteak aukeratzen joango dira galdera denak asmatzen dituztenen artean. Lehiaketaren helburuak euskara sustatzea eta Mallabiko kontuak ezagutaraztea dira. Galderek Mallabia dute ardatz; hau da, herriko historiari, kulturari, kirolari, historiari eta abarri buruzkoak dira. 

Otsaileko galderen erantzunak

Honako hauek dira otsaileko bost galderen erantzun zuzenak:

  1. Galdera: Mallabia izena, adituek diotenez, “malla+ibia” loturatik dator, alegia, mendi arteko bidea esan nahi omen du. Baina, zeintzuk dira Mallabiak mugakide dituen herriak?
    Erantzuna: Zaldibar, Berriz, Bolibar, Markina, Eibar eta Ermua.
  2. Galdera: 1635ean, Bizkaiko Batzar Nagusietan, beste herri baten lekua hartu zuen Mallabiak. Zein izan zen herri hori?
    Erantzuna: Elorrioko San Agustin.
  3. Galdera: Goita auzoan badago baserri bat Orrospengo izena duena. Baina, zer esan nahi du “orrospengo” hitzak?
    Erantzuna: 'Hor ez bahengo'.
  4. Galdera: Esteban Astarloa baritonoa 1917an Mallabian jaio eta 1997an, Madrilen hil zen. Abeslari profesional gisa egin zuen debuta Madrilgo María Guerrero antzokian, 1944an, Mozarten Figaroren ezkontzak lanarekin. Mallabiko zein baserritan jaio zen?
    Erantzuna: Etxekone baserrian.
  5. Galdera: Mallabiko txirrindulari ohia. 1999an egin zuen debut profesionala Euskaltel-Euskadi taldearekin. Nor da?
    Erantzuna: Mikel Pradera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!