'Ez esan!' Mallabiari buruzko galdera-erantzunen jokoa hasi dute asteon

Anboto 2024ko ots. 2a, 09:45

Hilero bost galderako galdetegi bat zabalduko dute herriko hainbat tokitan. Galdera guztiek Mallabia dute ardatz.

Mallabiko Berbalagunek eta udalak Mallabiari buruzko 'Ez Esan!' galdera-erantzunen jokoa hasi dute. Otsailean hasi eta maiatz-ekainera bitartean, bost galderako galdetegi bat zabalduko dute hilean behin. Hasiera batean, galdetegiak liburutegian, udaletxean eta frontoiko tabernan daude eskuragarri eta han bertan entregatu daitezke, izen-abizenak gehituta. Aurrera begira, herriko dendak eta tabernak ere batu gura dituzte ekimenera. Horrez gainera, hainbat bide erabiliko dituzte hilero galderak zabaltzeko: sare sozialak, herriko elkarteetara banatuta…

Hilabete bakoitzeko galdetegia zuzen erantzuten duten guztiek sari bat izango dute. Horrez gainera, hilero pertsona bi aukeratuko dituzte asmatzaileen artean. Amaieran, zuzeneko saio bat egiteko asmoa dute bikote irabazleekin: final handia.

Lehiaketaren helburuak euskara sustatzea eta Mallabiko kontuak ezagutara ematea dira. Horrela, galderek Mallabia dute ardatz, hau da, herriko historiari, kulturari, kirolari, euskarari… buruzkoak dira. Honako hauek dira otsaileko bost galderak:

  1. Mallabia izena, adituek diotenez, “malla+ibia” loturatik dator, alegia, mendi arteko bidea esan nahi omen du. Baina, zeintzuk dira Mallabiak mugakide dituen herriak?
  2. 1635ean, Bizkaiko Batzar Nagusietan, beste herri baten lekua hartu zuen Mallabiak. Zein izan zen herri hori?
  3. Goita auzoan badago baserri bat Orrospengo izena duena. Baina, zer esan nahi du “orrospengo” hitzak?
  4. Esteban Astarloa baritonoa 1917an Mallabian jaio eta 1997an, Madrilen hil zen. Abeslari profesional gisa egin zuen debuta Madrilgo María Guerrero antzokian, 1944an, Mozarten Figaroren ezkontzak lanarekin. Mallabiko zein baserritan jaio zen?
  5. Mallabiko txirrindulari ohia. 1999an egin zuen debut profesionala Euskaltel-Euskadi taldearekin. Nor da?
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!