Abenduaren 6an eta 8an Lointek Amorebieta-Etxano Cup torneoa jokatuko dute Txolon zelaian

Anboto 2023ko abe. 4a, 15:09

Ainhoa Salterain Zornotzako alkatea; Jon Larrea SD Amorebietako presidentea eta Lointek-eko Serafín Loroño gaurko aurkezpenean.

Athletic Club, FC Barcelona, Girondins Bordeaux eta FC Porto izango dira kimu kategoriako nazioarteko txapelketa honetan parte hartuko duten 23 taldeetako batzuk.

Jon Larrea S.D. Amorebietako presidenteak, Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak eta Lointek enpresako Serafin Loroñok Lointek Amorebieta-Etxano Cup nazioarteko futbol 7 txapelketaren 19. edizioa aurkeztu dute gaur udaletxean. Abenduaren 6an eta 8an Txolonen jokatuko den torneoak kimu mailako 23 talde bilduko ditu. Guztira, 2012. urtean jaiotako 350 jokalari inguru egongo dira.

Txapelketa asteazken honetan, 09:00etan, hasiko da, 12 talde izango dituen lehenengo fasearekin. Hiru multzotan banatuko dira. A multzoan Durango Kulturala, Gertasport, Bermeo eta Athletic Gipuzkoa Eskola egongo dira. B multzoan, Ikastxiki, Amorebieta B, Deusto eta Txantrea; eta C multzoan, Arratia, Gernika, Aurrera de Vitoria eta Bansander. Zortzi talde –multzo bakoitzeko lehen eta bigarrena eta bi hirugarren onenak– sailkatuko dira 16:00etatik aurrera jokatuko diren kanporaketetarako.

Asteazkeneko txapeldunak ostiralean itzultzeko txartela lortuko du. Ostiraleko lehiaketak ordutegi eta formatu bera izango du. A multzoan Athletic, Girondins Bordeaux, Barcelona eta abenduaren 6ko atarikoaren irabazlea egongo dira. B multzoan, Amorebieta, Villarreal, Eibar eta Porto. Eta C multzoan, Valladolid, Alavés, Real Sociedad eta Osasuna. 09:00etan hasiko da multzoen fasea eta zortzi talde sailkatuko dira final-laurdenetarako, 16:00etatik aurrera. Final handia 18:15ean jokatuko da. Egun honetako partidu batzuk klubeko youtube kanalean emango dituzte.

Sarrerak

Sarrerak egun osorako balioko du. Hilaren 6a doakoa izango da bazkideentzat eta 3 euroko kostua izango dute gainerakoentzat. Hilaren 8an, berriz, bazkideek 3 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 5 euro. Txapelketan zehar hainbat sari zozketatuko dira, hala nola parte hartzen duten kluben kamisetak eta bi lagunentzako bi bazkari Boroa Jatetxean.

Arrazoi logistikoengatik, Txoloneko aparkalekua itxita egongo da bi egunetan eta udalerriko aparkalekuetan aparkatzea gomendatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!