Kickboxing torneoa, ardo feria eta gehiago Mallabiko Urriko Jaietan

Anboto 2023ko urr. 27a, 10:10

Kicboxing torneoa udalaren, IndarXport klubaren eta Laureano Team klubaren artean antolatu dute.

Mallabiko Urriko Jaietako ekimenik gehienak asteburu honetan kontzentratuko dira. Zapatu gauean Gozategi, Merina Gris, Hofe eta TOC taldeek emango dituzten kontzertuez gainera, beste hainbat ekimen egongo da. Esaterako, kickboxing torneoa eta ardo feria. 

Kicboxing torneoa gaur izango da, barikua, 18:30ean, herriko frontoian. Zortzi borrokaldi izango dira: boxeoko lau eta kickboxingeko beste lau. Gerriko bi egongo dira jokoan, biak nesketan. Kickboxingean, Indarxport taldeko Nerea Hidalgo durangarrak Uxue Sanchez dulantziarra izango du aurkari, 55 kiloz azpiko mailan. Boxeoan, Raquel Martinez gasteiztarrak eta Naia Garmendia bilbotarrak neurtuko dituzte indarrak, 52 kiloz azpiko mailan. Gizonetan, eskualdeko beste ordezkari bat arituko da: Michel Diatta durangarra; Martxel Sagarzazu errenteriarraren aurka borrokatuko da. Gala ikusteko sarrera 15 euro da.

Bestalde, ardo feriak laugarren aldia egingo du zapatuan, 12:00etatik 15:00etara, probalekuan. Ardoa dastatzeko aukera ez ezik, gastronomiari loturiko beste hainbat ekintza ere egingo dute: urdaiazpikoa mozteko ikastaroa, gazteentzako gastrotailerrak, bakailao show cooking bat eta paella dastatzea. Sarrera 7 euro da.

Domekan, 11:30ean, autoen eslaloma egingo dute Goitondo Behekoan. Ondoren, 16:30ean, 'Katapuntxispun' umeentzako ikuskizuna hasiko da frontoian. Urriko Jaien barruan Gau Beltza ere egingo dute, astelehenetik eguaztenerako programazio bategaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!