Aitor Elordik lau eta erdiko finalerdia jokatuko du, domekan, Jokin Altunaren kontra

Joseba Derteano 2022ko aza. 4a, 13:00

Aitor Elordik eta Jokin Altunak lau eta erdiko finalera heltzea bilatuko dute, domeka arratsaldean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Mallabitarrak kaiolako espezialistarik handiena izango du aurrez aurre, Altunak 2016tik honako final guztiak jokatu eta euretariko hiru irabazi ditu eta.

Baina balentriak inoiz izatekotan, aurten behar du. Konfiantzaz gainezka, Elordi sekulako txapelketa osatzen dabil eta orain arteko partidu guztiak irabazi ditu, Unai Laso eta Joseba Ezkurdia handiak ere mendean hartuta. Iaz ere elkarren kontra jokatu zuten Elordik eta Altunak lau eta erdiko ligaxkan. Orduan, Altunari aurre egiteko dohainak badituela erakutsi zuen Elordik, baina azken txanpan bere aukeretan gehiago sinestea falta izan zitzaion. Aurten, beste mentalitate bategaz, ez zaio gabezia horren arrastorik igarri orain arte.

Elordiren azken 'biktima'  Danel Elezkano izan da, ligaxkako azken partiduan. Bietatik batek ere ez zuen ezer jokoan —Elordi matematikoki sailkatuta zegoen eta Elezkeno, ostera, kanporatuta— baina mallabitarrak finala balitz lez hartu zuen norgehiagoka eta 22-8 irabazi zion Zaratamoko pilotariari. 

Autobusa partidua ikustera joateko

Mallabiko Udalak autobusa antolatu du lau t'erdiko finala ikustera joateko. 15:30ean irtengo da, Petrileko aparkalekutik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!