Morgaetxebarriak Biharko Izarrak txapelketako finala jokatuko du profesionaletan debutatu aurretik

Anboto 2022ko eka. 9a, 15:30
Finaleko protagonistak asteleheneko pilota aukeraketan.

Aimar Morgaetxebarriak (Zornotza, 2002) Biharko Izarrak txapelketako finala jokatuko du bariku honetan, 19:00etan hasiko den jaialdian. Josu Igoa aurrelari nafarrak eta biek Hodei Exposito hernaniarra eta Martxel Iztueta tolosarra izango dituzte kontrario.

Afizionatu mailako bidea Biharko Izarrakeko txapel prestigiotsuagaz amaitu dezake atzelari zornotzarrak, laster profesionaletan debutatuko du-eta, uztailaren 16an, bere sorterrian, Zornotzan. Buruz buruko txapelduna izango du aurrelari, Unai Laso, eta Mikel Urrutikoetxearen eta Iker Elizegiren aurka jokatuko dute.

Baina Mallabiko txapela garesti dago, aurkariek ere maila handia dute eta. Esaterako, Morgaetxebarriak etorkizuneko promesarik handienetarikoa izango du parez pare atzeko koadroetan. Bigarren urteko jubenila den arren, Iztuetak sekulako maila erakutsi du orain arte. 

Binakakoaren aurretik, Amaia Aldaik eta Olatz Arrizabalagak lau t'erdiko finala jokatuko dute. Biharko Izarrak txapelketaren barruan, aurten emakumeen txapelketa antolatu dute, lehenengoz. Antolatzaileen esanetan, emakumeena ere urtero antolatzea da asmoa aurrerantzean, geroago eta pilotari gehiagogaz. Aurten lau aritu dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!