Enrike Mugarza mallabiarra atzo hil zen 89 urterekin. Pertsona ezaguna eta maitatua zen herrian. Gaztetatik antzinako bizimodua zelako zen islatzen zuten objektuak eta aparatuak gordetzen hasi zen eta denekin museo bat osatu zuen Trabakua Behekoa tabernako garajean. Motorrak, irratiak, argazki kamerak, antzinako mediku baten poltsa bat, okulista baten makina eta beste makina bat gauza ikusi zitezkeen bertan. 25 bat urtean ateak zabalik izan zituen bisitatu gura zuen edonorentzat. 2014an ANBOTOri eskainitako elkarrizketan Mugarzak azaldu zuen bere helburua gazteei lehenagokoek lana zelan egiten zuten erakustea zela. "Orain dela urte batzuk dena tresna bidez egiten zen, eta gazte askok eta askok gaur egungo aparailuen berri bakarrik dute. Hemen aurki dezakezuen edozein objektuk istorio bat dauka", azaldu zuen. Ezagutzen zutenek diote museoko pieza eta aparatu guztiak garbi baino garbiago mantentzen zituela. "Beti dago zerbait egiteko, bata ez denean bestea konpontzen eta garbitzen. Asteburu eta jaiegun askotan, berriz, ezertarako astirik gabe egoten naiz, arratsalde osoak bertan sartuta eman ditzaket" onartu zuen Mugarzak berak elkarrizketan.
Motorrak maite zituen. Urte askoan Eibarko Lambretta motor enpresan lan egin zuen. Hainbat motor izan zituen eta museoaren aurretik Trabakua Behekoan zuren garajean konpontzen eta zaintzen zituen. 12 urtez, Espainiako Vueltan motorrarekin txirrindulariei laguntza ematen ari zen bere Lambrettaren gainean.