Nola hasi zinen museoa sortzen?
Aita arotza nuen, baserriko tresnak egiten zituen, eta gaztetatik hasi nintzen berari laguntzen. Ikastea ez zitzaidan asko gustatzen, eta berari laguntzen orduak eta orduak ematen nituen. Orduan, tresna haiek gorde behar nituela otu zitzaidan, eta horrela hasi nintzen, apurka-apurka museotxo hau sortu arte. Hasieran, etxekoekin eztabaidak edukitzen nituen, anaiarekin batez ere. Berak dena sutara edo txatartegira botatzen zuen, eta nik, berriz, batu eta gorde. Horielakoen ondorioz, makinatxo bat borrokaldi izaten genituen.
Baina zer dela-eta antzinako gauzak gordetzeko grina hori?
Nire asmoa beti izan da gazteek jakitea lehenagokoek lana nola egiten zuten. Orain dela urte batzuk dena tresna bidez egiten zen, eta gazte askok eta askok gaur egungo aparailuen berri bakarrik dute. Hemen aurki dezakezuen edozein objektuk istorio bat dauka. Nahiz eta askorentzat orain dela urte batzuk horiek aparailu zaharrak izan, gaur egun, balio handia dute. Ordukoek ez zioten ezeri garrantzirik ematen, ez ziren konturatzen botatzen ari ziren horiek historiaren zati zirela.
Noiztik duzu proiektua esku artean?
Orain dela hogei bat urte hasiko nintzen gauzak apurka-apurka txukun jartzen. Nik urte luzez Lambretta motorrak konpontzen egin nuen lan. Bertan lanean nenbilela, motor zaharrak erosi eta konpontzen hasi nintzen, gazteei erakusteko. Hasieran motorrak, eta lehen aipatutako aitaren tresnak bakarrik nituen, orain, berriz, beste hainbat gauza ere baditut.
Zer aurkitu dezakegu museoan?
Denetarik dago: motorrak, irratiak, argazki kamerak, antzinako mediku baten poltsa bat eta okulista baten makina, berbarako. Hemen dauden objektu guztiak erositakoak dira, besterik ezean ardo botila batzuen edo pastelen truke. Izan ere, ez dut nahi norbait etorri eta objekturen bat berea dela esaterik. Beraz, zerbait ordaintzea gustatzen zait, horrela inork ezingo didalako konturik hartu.
Apezpiku baten sotana ere baduzu antza denez.
Bai, hori ere badaukagu, Costa Ricako apezpikuaren sotana da. Zengotitabengoa delako batena. Herriko baserri batean botatzeko zegoen, lurrean utzita. Orduan, etxeko andreari galdetu nion sotanagaz zer egiteko asmoa zuen, eta erretzeko zela erantzun zidan. Beraz, nahi izanez gero etxera eramateko esan, eta ordutik hona bertan dut. Apezpikuaren sotanaz gainera, bidezainaren txapela eta poltsa ere baditut.
Denbora asko eskaintzen diozu museoari?
Beti dago zerbait egiteko, bata ez denean bestea konpontzen eta garbitzen. Asteburu eta jaiegun askotan, berriz, ezertarako astirik gabe egoten naiz, arratsalde osoak bertan sartuta eman ditzaket. Egun askotan pertsona bat sartzen zaizu, eta, ondoren, beste bat. Horrela, arratsalde osoa batari eta besteari gauzak erakusten.
Euskal txirrindularitzaren astea den honetan, gogora etorriko zaizkizu Espainiako Vueltan bizitakoak, ezta?
Bai, 12 urtez aritu nintzen Espainiako txirrindularitza itzulian motorrarekin txirrindulariei laguntza ematen. Horra ere Lambrettan lan egiten nuelako joan nintzen. Nire lana txirrindularien atzean joatea zen, norbaitek ihes egiten bazuen, horren berri zuzendariei eta txirrindulariei emateko. Horrez gain, karabanan zihoazen beste Lambrettek matxuraren bat izanez gero, horiek konpontzea ere bazen nire lana.