Bigarren urtez jarraian Euskadiko ingude-jasotze txapelketa irabazi du Karmele Gisasolak

Joseba Derteano 2021ko aza. 1a, 16:50
Karmele Gisasola Mungian, Euskadiko txapelagaz.

Asteburu emankorra izan da kirolari mallabitarrarentzat Bizkaiko harri-jasotze txapelketa ere irabazi duelako.

Karmele Gisasolak sasoi betean dagoela erakutsi du asteburuan eta txapel bi gehitu dizkio apurka-apurka hazten dabilen palmaresari. Zapatuan herri kirolen Euskadiko hainbat txapelketa lehiatu ziren Mungian, tartean, ingude-jasotzearena eta zazpi finalisten artean mallabiarrak egin zuen lanik onena. Horrela, bigarren urtez jarraian irabazi du txapela espezialitate horretan. Iaz ordura arteko errekorra hobetu zuen 97 altxaldirekin; aurten ez da marka horretara heldu —95 jasoaldi egin ditu— baina egindako lanarekin "oso pozik" dagoela adierazi du. Maika Ariztegik —93 jasoaldi— eta Lucia Orbek —89 jasoaldi— osatu zuten podiuma.

Hurrengo egunean, atseden hartzeko ia asti barik, Bizkaiko harri-jasotze txapelketa irabazi zuen Gamiz-Fikan. 24 jasoaldi eman zizkion 75 kiloko harri kubikoari eta 24 jasoaldi 63 kiloko bolari. Lucia Orbe geratu zen bigarren eta Patricia Martin hirugarren.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!