Mallabiko Zubiate familia bertoko zuhaitzekin osatutako basoak berreskuratzen dabil bere lurretako zortzi hektareatan

Joseba Derteano 2021ko mar. 22a, 08:50

Joan da pinuak etekin ekonomikoa ematen zuen sasoia. Gaur egun,  irabaziek ez dute konpentsatzen basoa zaintzeak eskatzen duen ahalegina. Horregaitik, Mallabiko Zubiate familiak bestelako apustu bat egitea erabaki du, eta euren lurretan bertoko zuhaitzak sartzen dabiltza.

Goita auzoko San Martin baserrian bizi dira, izen bereko ermitaren ondo-ondoan. Oraingoz, euren lurretako gune bitan hiru hektarea pasatxo berreskuratu dituzte, eta, besteak beste, haritz, astigar, lizar, gerizondo, urki, sagarmin eta pago landareak sartu dituzte. Beste bost hektarea garbitzen eta prestatzen dabiltza, landaketa datorren urtean egin ahal izateko.

Proiektuagaz aurrera egiteko, Besaia enpresako Keko Alonsoren laguntza eta aholkularitza jaso dituzte. Inguruotan aitzindariak dira horretan. Ia ez dago antzerako kasurik. Baina "joera aldaketa" baten atarian egon gaitezkeela uste du Ibon Zubiatek. "Jendea hortxe dago oraindino, eusten, baina guk pausoa eman dugu eta askok zoriondu egin gaituzte", dio. Gainera, "alternatiba desastre bat da gaur egun", gehitu du Pedro Marik, Ibonen anaiak.

Apustua garbia da: kalitatea kantitatearen aurretik; eta merkatu zabalago baten aukera ohiko papertegien gainetik. Adibideak ipini dituzte. "Parisko Notre Dame katedrala berreraikitzeko, haritza erabiltzen dabiltza, eta arbola bakoitza 15.000 euro ordaintzen dabiltza. Bestetik, Fender gitarrak lizarragaz egiten dira; orain gabezia ei dago eta egur bila dabiltza. Guk landare biak ditugu", dio Ibonek. Arraseko mozketak barik, mozketa selektiboak lehenesten dituen eredua da. Mozketa eredu horri jarraituta, "hektarea bakoitzeko 2.000 metro karratu moztu" daitezkeela diote. "Kontua da errespetuz egitea; toki batean bat bota, harago beste bi…", gehitu du. Zuhaitzak mozteko, asko itxaron behar da? "Behar den egur klasearen arabera. 20 urtean lodiera ederreko enborrak lortu daitezke", dio Pedro Marik.

Monolaborantzaren aurrean, espezie desberdinetako basoak hainbat abantaila omen du; esaterako, gaixotasunen aurrean arbolak babestuago daude. Beste hainbeste gertatzen da sute arriskuagaz: eukaliptoekin alderatuta, zorua umelago mantentzen dute. Sasien kontrako errezeta ere ba omen dira. "Ez duzu sasirik aurkituko pagadi batean", diote. Faunaren eta floraren biodibertsiteak dakarren aberastasuna da beste abantaila bat.

Bidean "gozatzeko" prest
"Ilusionatuta gaude", diote anaia biek. "Gu ez gaude hemendik urte askora begirako etekinei begira. Gure poza horren gainetik dago. Arbolak landatu genituen lehenengo egunetik dugu ilusio berezi bat. Baso hauek ikusgarriak izango dira eta bidean gozatzeko asmoa dugu, egunero", azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!