Noiz hasi zinen etxeko behi-esneagaz jogurta egiten? Durangaldean bakarrenetarikoa izango zara...
Ez, zorionez ez! Etxanon Kepa Agirregoikoak ere egiten du, eta orain dela gutxi Elorrion ere hasi dira. Urte bi izango dira proba egitera animatu nintzela. Betidanik izan dut lotura baserri munduagaz. Mutikoa nintzenetik, esne-behiak izan dituzte etxean gurasoek. Lehenengo, kalean saltzen zuten esnea, eta esne-zentralei gero. Jogurtagaz balio erantsia lortu dugu: bagenituen lurrak eta behiak, inbertsio handirik egin barik, eta, ikasteko, gurasoak izan ditut maisu-maistra. Bada, daukagun lurrari egokitutako behi kopuru txikiagaz esne ona lortzen ahalegintzen gara, lurrean oinarrituta eta belarra ondo zainduta, horregaz jogurt ona egiteko. Zuzenean saltzen dugu jogurta. Izan ere, produkzioak lan handia eskatzen du, baina errentagarritasuna merkatuan lortzen da. Hilean 600-700 litro jogurt produzitzen dugu. Dena dela, boladak izaten dira.
Berton Bertokoa dinamikaren eskutik, bertako eta sasoiko produktuak eskaini eta bultzatzen dira. Estakua jogurtak, adibidez. Sasoiko eta bertako produktua gehiago baloratzen hasi garela uste duzu?
Aldaketa bat egon dela esango nuke, jendea kontzientziatu egin dela eta zabaltzen joango dela. Bertokoa kontsumitzea, zelan ekoiztu den jakitea eta inguruko ekonomia sustatzea garrantzitsua da. Hala ere, asko kostatzen da ohiturak aldatzea, nigandik neugandik hasita. Presaka bizi gara eta aste osorako edo hamabost egunerako erosketa egiteko joera dugu, saltoki handietan. Berton Bertokoa eta beste ekimen batzuk badabiltza gure kontsumo ohiturak aldatzen laguntzen. Eta ez bakarrik elikadurari dagokionez.
Koronabirusak tokikoa baloratzen lagundu digula uste duzu?
Konfinamenduan askok deitu ziguten produktuak etxera eramateko, eta dendetan ere asko saldu genuen. Baina joera hori jaitsi egin da. Durangoko merkatua ere gainezka egon zen bi-hiru astetan. Ez dakit zelan egongo den orain. Kontzientziatzeko balio izan du, bai, baina joera urte osora zabaltzea lortu behar da.
Zein da erronka aurrera begira?
Ekologikora pausoa ematea eta ontziak lantzea, plastikoa baztertzeko. Esne eta gazta freskoa eskaini gura genuke eta leku gehiagotara heldu. Lan komertziala indartzea ere bada erronka.
Jogurtaren merkatua osoa zabala da. Zerk bereizten du Estakua?
Gertuko familia-ustiategia da gurea. Behien elikadurak bazka du oinarri, eta ez dugu batere botikarik erabiltzen. Behi-esnea da jogurt on baten oinarria: lurraren oreka mantenduz, behiek ondo zaindutako belarra jatea da garrantzitsua.