#0km

“Lan asko egin eta gero, gaztaren merkatua zabaltzea lortu dugu”

Aitziber Basauri 2020ko uzt. 13a, 13:00

Ruben Markina esne ekoizlea izan da urteetan, eta orain bospasei urte, egoera ekonomikoak bultzatuta eta osagarri ekonomiko moduan, gazta ekoizten hasi zen, behi-esneagaz. Orain, negozioaren ardatz du Axeleku gazta. Salmenta zuzena eginez eta azoketan saltzen du. Markinako Abarka antzerki taldean jarduteko ere ateratzen du denbora Markinak.

Tradizioz, gurago dugu ardi-gazta?
Borroka handia dugu. Askok ardi-gazta baino ez dute aintzat hartzen, ezaugarri konkretu batzuk dituen gazta. Lan asko egin eta gero, gaztaren merkatua zabaltzea lortu dugu azken urteetan. Behi- edo ahuntz-esneagaz egindako gazta produzitzen hasi gara. Ipar Euskal Herrian milaka gazta mota daude.

Zein ezaugarri ditu zuen gaztak?
Gazta erdi ondua egiten dugu. Oso suabea, koipetsua eta oso erraz jatekoa. Baina laban deseginez gero indar handiko zaporea hartzen du.

Zuk zein gazta gurago duzu?
Gazta gutxi jaten dut. Ez naiz batere zalea. Urte askoan ez dut probatu ere egin, higuinduta. Etxean, aitak Idiazabal gazta jaten zuen.

Gaztagilea zara ofizioz eta antzezlea afizioz. Markinako Abarka antzerki  taldean ari zara. Zer dela-eta hasi zinen?
Kasualitatez, orain bost bat urte. Ez nuen neure burua horretan ikusten, baina proba batzuk egin eta gustua hartu nion. Sortze prozesua oso polita da, eta gogorra. Emanaldien aurreko lantze prozesua gustatzen zait gutxien.

Zelan eragin dizu koronabirusaren krisiak gaztagile moduan?
Kalte egin digu, baina ondo moldatu gara. Orain askoz ere eskari gehiago ditut eta produkzioa gehituko dut. Berrogeialdian ohiko bezero batzuk gazta bi hartzetik zortzi hartzera pasatu dira, adibidez.

Behi-esnearen iragarki bategaz eman zenituen lehenengo pausoak.
Bai. Orduan sortu zitzaidan jakin-mina. Bigarren bat etorri zen gero, eta oso gustura ibili nintzen. Bada, ikastaro batzuk egin nituen, Ainhoa Aierbegaz lehenengo eta Pablo Malogaz gero. Orduan ez nuen pentsatzen antzerki munduan sartuko nintzenik, Abarka taldean hasteko aukera etorri arte.

Film laburretan ere parte hartu duzu.
Bira Produkzioakeko lagunen bitartez zenbait lanetan parte hartu dut: iaz, Baztango (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren asterako iragarkian parte hartu nuen, eta Ordiziako StarBlues taldearen Zeure jabe bideoklipean. Aurretik, Tentación (2014) film laburrean parte hartu nuen. Azkenengoz, Animal Lovers film laburrean parte hartu dut, ikus-entzunezkoen prestakuntzarako eta ekoizpenerako Larrotxene Bideoko (Donostia) ikasle batzuek egindakoan. Orain aste bi estrenatu zuten, Donostiko Antzoki Zaharrean. Figurante lana ere egin dut,  Fuego, Handia, Operación Concha eta Oreina filmeetan.

Pertsonaia batek hala eskatuz gero, moztuko zenuke bizarra?
Bai, baina ernegatuta. Orain pare bat urte moztu nuen. Aurretik, arrosa kolorez tindatu nuen, alaba gazteenak aupada bota eta gero. Moztu nuenean konturatu nintzen bizarra behar nuela. Bizarrik barik Gru ematen dut (Mi Villano Favorito).

Badago pertsonairen bat bereziki gustatu zaizuna?
Denak. Hala ere, ez nauzue dotore plantagaz ikusiko! Itxuragaitik, astakiloaren edo maltzurraren papera egitea tokatu zait. Eta gogoko dut.

Zein da gatxen egin zaizun papera?
Norberarena da paperik gatxena.

Oso mozorro zalea ere bazara…
Oso inauterizalea naiz, bai. Iaz, Korrika 20 Mallabitik pasatu zenean ere mozorrotu nintzen; azken momentuko kontua izan zen, eta barre batzuk egin genituen. 50 metro baino ez nituen korrika egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!