“Oier sufritzen zebilen eta erantzukizuna hartu behar nuela ikusi nuen; kale edo bale!"

Joseba Derteano 2019ko api. 4a, 16:10

Aitor Elordi, Mallabiko pilotalekuaren kanpoaldean. Ez da auto bat igarotzen bera agurtu barik. Batek leihatila jaitsi eta "zorionak" oihukatu dio; beste batek ukabila gorantza astinduz agurtu du eta hirugarren bat klaxona hainbat bider jota igaro da. Egunotan, txapelak dakartzan sentsazio goxoak dastatzen dabil mallabitar gaztea.

Zelan doaz txapela irabazi osteko hurrengo egunak?
Ederto. Egunean bertan, oraindino sinistu ezinda nengoen. Biharamunean esnatu eta txapela han zegoela ikustean hasi nintzen jabetzen lortutakoaz.

Finalean, defentsan aritzea egokitu zitzaizun, batez ere. Horrela joango zela espero zenuten?
Ez geneukan planteamendu zehatzik. Bagenekien atzean agintzen zutenek asko eginda izango zutela.  Salaverri puntu hobean heldu zen. Oierrek ez zuen ligaxkako azken partidua jokatu. Azkenean, egun dezente zeramatzan zuriz jantzi barik. Gero, finala kolpean, han sortzen den tentsioa, debuteko urtea... dena batu zitzaion.

Kanpotik ematen zuen eskumako eskuan min zuela.
Neuk ere horixe uste nuen hasieran, baina ez zen eskuko mina. Atsedenaldietan esaten zigun ez zuela pilota ondo ekartzen eskura, eta horrek konfiantza eza eragiten ziola. Nik badakit horrela egotea zer den eta meritu handia du egin zuen lanak: agindu ez, baina ez zuen pilotarik galdu.

Une kritiko horietan, bikoteko aginte makila hartzen ikusi zintugun.
Oier gustura ez zebilela ikusten nuen. Sufritzen zebilen. Orduan, gehiago sartu eta erantzukizuna  hartu behar nuela ikusi nuen. Kale edo bale!

Tantorik tantora beragaz berbetan ikusten zintugun. Zer esaten zenion?
Nahiz eta agindu ez, inportanteena akatsik ez egitea zela esaten nion: "Sartu berdera. Agirre ere ez dabil konfiantza askogaz eta altxatu ahal duzun moduan". Tantoa egin gura bazuten, eurek arriskatu zezatela.  

Harmailetan ez zitzaizun animorik falta izan.
Zale eta lagunei asko eskertu behar diet. Partidurik gehienetara etorri dira animatzera, eta finalean ere giro itzela jarri zuten. Egun ahaztezina izango da niretzat, eta zati handi bat eurengatik bat. Nire aititari eta amamari, gurasoei eta Josetxo Areitio, Jokin Etxaniz, eta Gontzal Uriona entrenatzaileei ere eskaintzen diet txapela.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!