Jon Gisasolak laugarren tokian amaitu du Euskal Pentatloi Saria

Joseba Derteano 2018ko ira. 29a, 23:35

19 urterekin esperientzia hartzea zuen helburu mallabiar gazteak.

Hauxe da bost parte hartzaileek Azpeitiko zezen plazan egin behar izan duten lana: 25 aldiz 100 kiloko bola jasotzea; gizon proban bi plaza osatzea, 400 kiloko harriarekin; kanaerdiko hiru enbor moztea; 50na kiloko txingekin sei plaza osatzea; eta 3 kilometroko korrika saioa (30 itzuli zezen plazari).

Espero zen moduan, Jon Gisasola Zelai V-ak lehenengo proban, harria jasotzen, egin du lanik onena. Aizkoran kostatu zaion gehien, eta gainerako hiru probetan txukun moldatu da. 54 minutu eta 32 segundotan amaitu du saioa, Xabier Zaldua txapeldunak baino 18 minutu eta 6 segundo gehiagoan. Irail hasieran ANBOTOri eskainitako elkarrizketan aurreratu zuen "probatzea eta esperientzia pilatzea" zituela helburu. Proba amaitu ostean ez dela gustura sentitu adierazi du. "Orduagatik [23:00 pasata hasi du saioa] edo nerbioengatik ez dut gorputzaldi onena izan", onartu dio ETBri. Oso proba gogorra zen eta latz sufritu du mallabiar gazteak, baina gaur ikasitakoa baliagarria izango zaio etorkizunean. 

 

Jon Gisasola korrika Azpeitiko zezen plazan:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!