52. Durangoko Azoka

“Orain arte hurbildu ez dena gehiago gerturatzeko aukera ematen du Azokak”

Aitziber Basauri 2017ko abe. 3a, 19:45

Otsailean kaleratu gura duten bigarren diskoan buru-belarri lanean dabil Izaro. Hala ere, labetik ateratzeko prest egon bitartean, kanta arraroez osatutako ‘Hankapuntetan I’ lan laburra aurkeztuko du Azokan, “aperitibo moduan”. Aurten stand propioa jarriko du Izarok Iker Laurobagaz. Azokan sortutako “mikroklima bizitzeko gogoagaz” doa mallabitarra.

Durangoko Azokan erakustokia jarriko duzu Iker Laurobagaz batera. Aurten lehenengoz. Plaza garrantzitsua da Azoka?
Plaza inportantea da, bai. Mallabikoa izanik, Durangaldekoa, betidanik bizi izan dudan plaza. Egia da halako burbuila bat lakoa ere badela. Behin hasita, eta amaitu arte, hor sartuta gaude, eta halako mikroklima bat sortzen da. Iazkoa izan zen nire lehenengo Azoka sortzaile lez eta, amaitu zenean, hainbat urtez egon izan den batek esan zidan badela Azokaren osteko halako sindrome bat. Badaukat gogoa mikroklima hori bizitzeko, udaleku batzuetan lez. Aurten, erantzukizun handiagoagaz biziko dut, erakustoki propioa dugulako. Baina lasaiago ere bai, gure lekua dugulako bertan egoteko, eta jendea gugana badator, beraiekin egoteko ere bai. Oso gogotsu noa.

Jarraitzaileek bertan izango dute, besteren artean, ‘Hankapuntetan’ zure azken lana. Nola definituko zenuke?
Halako laborategi lan bat egitea onartu diot neure buruari, eta bigarren diskoa irten arte, gogoa nuen kantu arraroagoak, disko baten kontzeptuan sartzen ez direnak batuko zituen bilduma egiteko; autobertsioren bat edo beste ere bai. Animatu eta disko labur bat kaleratu dugu, Hankapuntetan I. Etorkizunean bigarrena, hirugarrena... gura den beste kaleratu ahal izateko.  

Zer dute abesti hauek ‘arraroak’ izateko?
Bere baitan abesti moduan disko batean lekurik ez duten kantak dira. Errefuxiatuak, adibidez. Plazer handia izan zen abesti hori Mikel Urdangarinegaz abestea, eta nonbait jaso gura nuen. Baita bertso estiloko doinuagaz sortutako Eskaleok ere. Iker Lauroba dut nigaz, gitarra bategaz. Paradise kantuaren Bossa Nova bertsioa ere batzen du.

Iaz ‘Om’ aurkeztu zenuen Azokan, eta abuztuan amaitu zenuen aurkezpen bira. Nolako harrera izan du?
Itzela izan da. Normalean lehenengo diskoak ez du horrelako oihartzunik izaten. Askotariko jendea erakarri du eta bide horretan jarraitzeko motibazioa izan da niretzat. Horrek animatu nau Hankapuntetan bilduma sortzera, eta bigarren diskoagaz ere oso motibatuta nago. Azokan ere oso harrera ona izan zuen. Beste lan asko zeuden stand batean zegoen, gainera. Asko saldu zen. Jendeak Izaro ezagutu gura du. Oso pozik nago, sinetsi ezinik oraindik.

‘Hankapuntetan I’-ek harrera berdina izatea espero duzu?
Ez dakit disko luze batek adina arreta lortuko duen, baina bigarren diskoa irten arte, jendeak ondo hartuko duela esango nuke, aperitibo moduan. Lan txiki bat da, erraza, eta, segida izango duenez, ez du amaitzeko eperik. Atenporalagoa izango da.

Bigarren diskoan buru-belarri lanean zaude orain.
Bai. Nahasketa amaitzen gaude orain. Errebisatzen. Diseinu lanak hastekotan gara. Bigarren diskoa otsailean kaleratuko dela uste dugu.

Baduzu zerbait aurreratzerik?
Bigarren diskoa kontzienteagoa izango da, Om diskoagaz ez nuen -eta halako harrerarik eta emaitzarik espero. Lasaiagoa, bareagoa. Ez abestiei dagokienez, neuri dagokidanez baino. Bandari protagonismo apur bat gehiago utzi diot, aurretik probatzen ausartuko ez nintzatekeen gauzak egiten utzi diot neure buruari. Zentzu horretan, Om baino ahaltsuagoa izango dela uste dut. Autoekoizpena izan da hau ere, Om eta Hankapuntetan I lez.

Sortzaileak eta publikoa batzeko aukera ematen du Azokak?
Bai, eta musikari eta sortzaile lez oso positiboa da hori. Azokak gure publikoa ezagutzeko aukera ematen digu. Gainera, orain arte hurbildu ez dena gehiago gerturatzeko aukera polita ematen du Azokak. Uste dut Azokan dabilena normalean baino eskuzabalagoa dela eta ezagutzen ez duena ezagutzera irekiago dagoela. Durangon ezin da gure publiko osoa egon, baina zati handi bat bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!