Otaduy: “Bikote orekatua gara; batek eutsi egiten dio, eta besteak aldeak markatzen ditu”

Joseba Derteano 2016ko abe. 17a, 10:00

Iurretako Olaburu pilota elkarteko Gorka Otaduy (Berriz, 1996) eta Jon Apaolaza (Urretxu, 1995) pilotariek Bizkaiko Ohorezko Mailan jokatuko dute datorren denboraldian. Bizkaiko mailarik gorena da, eta Olaburuk maila horretan ordezkariak izango dituen lehenengo aldia izango da.

Bizkaiko txapelketako ligaxkan 11 partidu jokatu dituzte orain arte. Lehenengo bederatziak irabazita multzoburu geratu ziren, eta horrek igotzeko eskubidea eman die. Hala ere, txapela eskuratu gura dute. Finala Iurretako pilotalekuan jokatuko dute, gaur, 17:30ean hasiko den jaialdian. Olaburu elkarteko Jon Inunziagak eta Felipe Martinezek ere gazte mailako finala jokatuko dute.

Otaduy eta Apaolaza aurten hasi dira elkarregaz jokatzen, eta elkar oso ondo hartu dute. “Nik esperientzia gehiago dut horrelako txapelketetan, eta partiduei eusten saiatzen naiz. Jonek nik ez daukadan kolpea dauka. Bikote orekatua osatzen dugu. Batek esperientzia dauka, eta besteak aldeak markatzen ditu”, dio Otaduyk. Apaolazaren ustez, gaur egun maila honetan dagoen “atzelaririk onena”  da Otaduy. “Oso ondo dabil, eta erraz jokatzen dut beragaz. “Abantailagaz aritzen naiz”, gehitu du urretxuarrak. Dohain horiei etekina ateratzen saiatuko dira bihar, Eneko Muniozguren eta Endika Uriondo munitibarren aurka jokatuko duten finalean.

Ezagunak umetatik
Bata bizkaitarra eta bestea gipuzkoarra diren arren, gaztetxoak zirenetik elkar ezagutzen dute. Otaduyk zumarragarra du ama, eta umetan hara joaten zenean, Urretxuko pilotalekura joaten zen. “Zortzi urte nituenenetik ezagutzen dut Jon”, gogoratu du Otaduyk. Apaolazak ere gogoan ditu egun horiek. “Zapatuetan pilota bigunagaz jokatzen ibiltzen ginen”.

Lagunarteko partidu haiek ofizial bihurtu dira aurten. Apaolazak familia du Durangon, Josetxu Areitio Iurretako prestatzailea ezagutzen zuten, eta haien bidez hasi zen Iurretan. “Giro oso ona dago, eta entremendu serioak egiten ditugu”, dio Apaolazak.

Gainerako finalak
Eskualdeko beste hainbat pilota elkarte ere heldu dira Bizkaiko finaletara. Elorriok Ohorezko Mailako finala jokatuko du. Atxondok eta Durangok –nagusien 3. eta 4. mailan– ,  Zaldibarko Zalduak –22 urtez azpikoan– eta Mallabiak — 2. mailako paleta goman— ere txapelak jantzi ditzakete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!