Promesarik onenak lehian Biharko Izarrak txapelketan

Anboto 2010ko mar. 3a, 09:31

Martitzenean aurkeztu zuten Mallabiko Biharko Izarrak txapelketako zazpigarren aldia. Urtero legez, etorkizunean zeresana eman dezaketen hainbat promesa batuko ditu.

Martitzenean aurkeztu zuten Mallabiko Biharko Izarrak txapelketako zazpigarren aldia. Urtero legez, etorkizunean zeresana eman dezaketen hainbat promesa batuko ditu. Guztien helburua txapel prestigiotsua janztea eta Mallabiko pilotalekura hurreratuko diren enpresa handietako begiraleen harreta bereganatzea izango da. Izan ere, txapelketan parte hartutako hainbat pilotarik eman dute gero profesionaletarako saltoa. Iñaki Larrinaga eta Mikel Beroiz ditugu azkenengo adibideak. Elorriarrak iaz txapela jantzi zuen Yoldigaz eta aurten Lehen Mailako Banakako Txapelketa ederra osatzen dabilen Beroiz 2008ko txapelduna dugu, Ollogaz batera. Biharko izarrak-en parte hartutakoak dira, besteak beste, Asier Berasaluze eta Ibai Zabala ere. Txapelketa jokatzeko sistema urterokoa da. Multzo bitan banatuta, denek denen kontra jokatuko dute. Azkenean garaipenik eta aldeko tantorik gehien dituzten aurrelari eta atzelariak pasako dira finalera. Finala ekaineko lehenengo hamabostaldian jokatuko dute. Apirilera bitartean eguenetan jokatuko dituzte partiduak. Handik aurrera domeketan ere bai. Eskualdeko lau pilotarik parte hartuko dute: Ander Olalde eta Andoni Aldape mallabiarrek eta Igor Azpiri eta Jon Landaburu elorriarrek.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!