Udalaren jabetzakoak diren Faustegoienako 6 etxeak gazteontzako alokairura bideratzea zein aurtengo enplegu plana Durangon hutsik dauden etxebizitzen erregistroa egiteko bideratzea pozik hartzen ditugun berriak dira; gure herriko egoera ikusita, ezinbestean eta lehenbailen hartu beharreko neurriak ziren eta.
Hala ere, Zabalduko Ditugutik azpimarratu nahi dugu erabaki biak ala biak etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduak eta oposizioko alderdiek egindako lanari eta etengabeko eskaerei esker datozela; arazo hau urte luzeetatik dator eta. Gainera, orain dela gutxira arte udal gobernuak ez zuen egoerari buelta emateko saiakerarik egiten.
Bestalde, gobernu taldearekin eta etxebizitza arloaren arduradun politikoekin elkarlana gauzatzeko izan ditugun zailtasunak aipatu nahi ditugu. Azkenik, gogoratu nahi dugu 6 etxerekin ez dela arazoa konpontzen eta lanean jarraituko dugula herritar orok eta bereziki gazteok gurea den eskubidea, etxebizitza eskubidea, bermatuta izan arte.