Gerizperik barik, akabo! (III) (COVID ziurtagiria)

Biólogos por la Verdad taldekoek dioskue munduko gobernu bakar batek ere ez duela birus hau isolatu, eta, hartara, ezinezkoa dela bakuna efikaz bat sortzea. Baina, efikaza izan zein ez, sortu dute zerbait, eta, sortu dutenez, ba, lurtar denok inokulatu behar, haur, gazte, nagusi zein zahar, sano egon zein ez. Denon ongizatearen mesedetan. Ona, goraipagarria eta gizalegezkoa da zerbait egitea denon ongizatea bada helburua, baina hala al da kasu honetan? Ingenieritza industrialean doktorea den Alfonso Longok ezetz dio. Bere esanetan, ez da ez ona ez goraipagaria, eta ez du batere zerikusirik gizalegearekin: «Sistema totalitario guztiek erabiltzen duten estrategia da denon ongizatearen kontua. Diktadura guztietan erabilitako estrategia da. Denon ongizatea lortzeko, obedienteak izan behar dugu, agintariek esaten dutena egin behar dugu, jaramon egin behar diegu goikoei, baina estrategia horrek, horizontalean, gure artean, agresibitatea sortzen du. (...) Denon ongizatearen aitzakiarekin, ezingo dituzu gauza asko egin, ezta pentsatu ere modu zehatz batean, baina denon onerako denez, berdin dio gure eskubideak urratuta badaude ere. Bien bitartean, beste estrategia bi erabiltzen dituzte: euren informazioa etengabe zabaltzea komunikabideetan, eta informazio horrekin bat ez datorrena zentsuratzea». (elinvestigador.org).

Denon ongizatea lortzeko, eta, beraz, birusa kutsatzea eteteko, COVID ziurtagiria erabili dute, baina pasaporte hori herritarrak presionatzeko baino ez da. Agintariek eurek onartu dute presiorako erreminta bat dela, «txertatu» barik daudenak «txerta» daitezen. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik esan zuen (eitb-ren webgunean dago, adibidez. 2022-01-31) pasaportea eraginkorra izan dela, «txertaketa» kopurua hiru puntu igo zelako «atzeratutako taldeen» artean (20tik 29 urtera artekoak eta 30etik 39 urtera artekoak), eta otsailaren 13ra arte luzatzea erabaki zuten ziurtagiriaren erabilera. Horretarako izan da efikaza, jende gehiago «bakunatzeko», baina ez gaixotasuna eteteko. Gauzarik inportanteenerako ez du balio izan.

Xabier Arana Eigurenek urtarrilaren 31n Argiako edizio digitalean argitaratutako ‘COVID pasaportea, diskriminazio mingarria zein neurri hutsala’ artikuluan ere ez dio batere zentzurik ikusten ziurtagiriari: «Txertoa jaso dutenek nahiz hartu ez dutenek SARS-CoV-2 birusarekin infektatu eta berau transmititzeko gaitasun potentziala badugu, zerk justifikatzen du COVID Ziurtagiri Digitala? Alderantziz, pasaportea aldean dutenak, baina koronabirusa bere gorputzean daramatenak, birusa barra-barra zabaltzen ari dira».

Antzera batean mintzo da Iruñerriko Kontseilu Sozialistako kide den Iker Narbona Beitiak iazko abenduaren 29an Berriako edizio digitalean publikaturiko ‘Neurri autoritarioak gelditu’ artikuluan: «Bestetik, ziurtagiri honek, aurretik hartu diren hainbat neurri murriztailek bezala (konfinamendua, konfinamendu perimetralak, etxeratze-agindua...), testuinguru errepresiboa areagotzen dute, neurriok betetzen ez dituztenenganako errepresioa eta bazterketa sustatzen dutelako, pandemiaren aitzakiapean segurtasun-indarren eskumenak eta pisua areagotuz. Unearen arabera sektore jakin bat egon da diskurtso ofizialaren kriminalizazioaren jopuntuan: lehenago gazteak eta gaueko aisialdia baziren pandemiaren erantzule, gaur egun txertatu gabeko pertsonak omen dira arrisku sozialik beldurgarriena».

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Jose Luis Quintasek ere, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, argi esan zuen ziurtagiriak ez duela batere zerikusirik osasunarekin, eta helburu zibikoak dituela, eta hala ikusi da gerora, hasieratik gainera, ditxosozko ziurtagiri digitalak ez duela birusa geldiarazteko balio izan. Baina euskal administrazioek aurrera egin dute eta ziurtagiria hile bian egon da indarrean. Eta denoi bururatu zaigun galdera: «zein da arrazoi zientifikoa pasaporte hori eskatzeko inokulatuen kopurua askoz ere handiagoa bada ez-inokulatuena baino?» Ez dago arrazoi zientifikorik, arrazoi politikoa baino. Itxuraz, «pandemia» kontrolatzeko da pasaporte hori, baina gizartea kontrolatzea da helburua, eta presioa sartzea inokulatu ez direnak inokulatu daitezen, nahiz eta teorian borondatezkoa izan.

Ziurtagiri edo pasaporte hori aberrazio bat da, diskriminatzailea, segregatzailea, pertsekuzio pasaporte bat, (pasaporte «nazia» ere bataiatu dute), Apartheid-aren aurpegirik zikinenetariko bat, oinarrizko eskubideak hankapean hartzen dituena. Osasunaren izenean egindako neurri errepresiboa da, olatu errepresiboaren erpina. Gainera, datuak babesteko legea urratzen du.  Demostratuta dago inokulatuak eta ez-inokulatuak berdin-berdin kutsa daitezkeela eta kutsa dezaketela, baina pasea batzuk eta besteak bereizteko baino ez da, muturtuta egon gaitezen gure artean, denok hartutako makilakadak beste inork emandakoak direnean gainera. Jendea banatuta, herritarren protestarako gaitasuna ahuldu egiten da, jakina. Ondo dakite hori: divide et vinces. Horixe egin nahi izan dute, gizartea banatu, eta neurri handi batean lortu dute, elkarri mokoka gabiltza-eta, eta gu geu elkar diskriminatzen, segun eta mostradorearen zein aldetan gauden.

Diskriminazioaren gerizpea luzea da eta ziurtagiri diskriminatzailea leku pribatu zein publikoetara heldu da: tabernetara, zinemetara, gimnasioetara, igerilekuetara, eta baita kultur etxeetara eta liburutegietara ere. Garai batean, k.a. mendeetan, Ekialde Hurbileko liburutegietan ezin zen edonor sartu, orduan eskumen esklusibokoak ziren eta. Begira noraino egin dugun atzera oinarrizko eskubideei dagokienez. Lekutaraino! Halako markarik! Horietan guztietan sartzeko eskubidea dugu, eduki beharko genuke, eta oraintsu eman digute «pribilegio» hori, eskubide izan beharko lukeen «pribilegioa», eta eskerrak ere eman beharko dizkiegu agintariei horregatik. Nire kasuan, beste leku batzuen artean, Durangoko rokodromorako atea itxi didate muturren aurrean. Eta txarrena da gure seme biak ere ezin izan direla rokodromoan ibili, 14 urtetik beherakoek nagusi bat behar dutelako ondoan eta nirekin nahi dutelako. Kexa bat bidali nuen Durango Kirolak-era esanez eurak eta Durangoko Udala (EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak osatzen dute gobernu taldea) herritarrak diskriminatzen dabiltzala, segregatzen. Euren erantzuna, leku guztietakoa, 47/2021 Dekretua aplikatzen dabiltzala, abenduaren 14koa, eta txor-txor-txor. Horixe, legea hauspotzea gutxi ez, eta gure herrietako politikariek ere lege hori betearaztera derrigortzen gaituzte, diskriminatzailea eta deitoragarria izan arren. Hobe lukete pospoloak hartu eta legeari/ziurtagiriari su eman, baina ez. Egia esan, gure kasua, rokodromokoa, txikikeria bat iruditzen zait (baina «eskubide urraketa»), batez ere San Blas egunean lagun elorriar baten testigantza entzun eta gero. Ilea lazteko modukoa. Rokodromoan barik, ospitalean jarri dizkiete oztopoak, ez edozelango oztopoak, baina ez naiz zehaztasunetan sartuko, lege bidegabe hori gogoratuta bakarrik barrua sutan jartzen zait eta (gainera, oso gauza pertsonalak dira eta baimena eskatu beharko nieke konturik txikiena ere esateko).

Lege bat bidegabea denean, desobeditzea dela gauzarik zuzenena esan zuen Gandhik, eta horixe egin zuen Rosa Parks emakume afroamerikarrak, arauari lepoa eman. Autobuseko bere eserlekuan jesarrita jarraitu zuen, bere eskubideak aldarrikatu zituen, lekua gizon zuri bati derrigorrez utzi barik legeak hori agindu arren. Eta Kathrine Switzer korrikalari estatubatuarrak ere berdin 1967ko Bostongo maratoian parte hartuta, legez emakumeek debekatuta bazuten ere. Lege bidegabeei aurre egin ezik, emakumeek ezingo lukete botorik eman gaur egun, gazteek derrigorrez egin beharko lukete soldaduska, beltzek esklabuak izaten jarraituko lukete eta abar.

Horixe, legea urratu ezik, kaka egingo digute burutik behera, eta, egia esan, horixe egin digute. Maskararen kontua icebergaren ageriko punta baino ez da. «Bakunazioa» eta kontrol soziala daude, batez ere, ur azpian. Baina zentzunbakokeria honek luzaroegi egin du igeri airean, eta gizartea nazkatuta dago aire faltsu zikin hori arnastuta. Irrazionala arrazional bihurtu nahi dute eta herritar askok planto egin dute. Adarkatuta sentitzen dira eta euren pazientziak gainezka egin du. Ikustea baino ez dago zenbat jende batu zen Bizitza plataformak Bilbon egin zuen manifestazioan. 15.000 lagun egon ginela aipatu zuten komunikabideetan, baina hor ere gezurra nagusi, han egon ginen denok ezingo baikinateke kabitu San Mames berrian. Lepoa jokatuko nuke. Bide batez esanda, COVID ziurtagiriaren eta haurren inokulazioaren kontrako manifestazioa izan zen eta nik dakidala alderdi politiko bakar batek ere ez zuen ofizialki babestu. Jakina, manifestazioan parte hartuz gero, ezingo dira neurri zorrotz eta absurduen podiumera igo. Bilboko manifestazio erraldoia egin eta ia astebetera, EH Bilduk idatzi bat zabaldu zuen: COVID-19a. Kontraesanak han eta hemen. Labur esanda, beste gauza batzuen artean, EH Bilduk dio komunitate zientifikoak ezbaian jartzen dituela haurren «txertaketa» eta COVID ziurtagiria. Eta nago berandutxo ez ote datorren idatzi hori, kontuan hartuta haurren «bakunazioa» abenduaren 15ean hasi zela Euskal Autonomia Erkidegoan eta ditxosozko paseak luzaroegi iraun duela gure artean (hile bi). Iulen Lizaso Aldalur hernaniarrak dio (hainbat artikulu idatzi du euskalnews.com atarian) ezkerrak protestatu baino ez duela egin, purrusta apur bat egin duela, eta bat nator berarekin. Kasu honetan, purrusta txiki bat egiteko baino, mahai gainean ukabilkada ikaragarri bat emateko motiboak daude nire ustez, apaletako liburuak ere dardaraka ipintzeko moduko ukabilkada bat, baina ez da hori egin. Webgune berean irakurri nuen gutun bat gustatu zitzaidan, neska ikasle batek bere ikastetxeko zuzendariari idatzitakoa klasekide guztien partez. Gutunean, klasekideek argi erakutsi diote zuzendariari zein izango den euren jarrera gelakoren bat gimnasiora, museo batera edo dena delako leku batera sartu ezin bada ditxosozko ziurtagiria ez duelako: «date una vuelta por mi clase y te lo explicaremos, señor director: vamos todos o no va nadie». Horixe da benetan pospoloak hartu eta legeari su ematea. Edo maisu-maistrek haur txikiei eskolan esatea lasai egoteko maskara ipini barik badute ere. Baina, zoritxarrez, legez behintzat, haurrek maskara ipinita jarraitzen dute eskola barruetan, une oro, eta jolas-orduetan ere musukoa ipinita egon behar izan dute gaur arte (otsailak 10). Neurri immoral eta bidegabea da, etorkizunean kasu askotan trauma jantzita etorriko den lorratza seguruenik. Zenbat denbora gehiago eman behar dute haurrek ondo arnastu barik ikastetxeetan? Hor ere autoritateen zain gaude, ezkerreko politikarien zain batez ere, neurri hori behingoz kentzeko, baina nago Godoten esperoan gaudela. Noiz jo behar duzue ukabilkada hori mahaian? Ikasturtea amaitzen denean? Orduan ere berandutxo izango da. Haurrak deshumanizatzen gabiltza, non eta eskolan! Oztopoak jartzen gabiltza euren gizarteratzean eta garapen kognitiboan, eta euren sistema immunologikoa indartzeko bidean. Nire ustez behintzat, ez diogu egoerari behar duen inportantziarik eman, eta gero negarrak, frustrazioak, kulpa-sentimenduak eta abar etorriko dira. Erratuta egon nahi nuke, baina, ez dakit ba nik.

Denboraren joanak lagundu egiten du gertaturikoa ahazten, baina batzuetan komeni da gertaturikoa ondo gogoratzea, berriro gertatu ez dadin etorkizunean, ahanzturaren leizean erori ez dadin. Komeni da arau zentzugabe eta diktatorialen «erromeria» lotsagarri honetan gobernariek dantzarazi dizkiguten dantzak eta eginarazi dizkiguten gauzak ez ahaztea (haurrak euren gelan isolatzea, esaterako. Ikusi dudan barrabaskeriarik ikaragarrienetarikoa). Mugikorrean jaso ditugun mezu eta irudi batzuk ondo gordeta edukitzea ere ez legoke txarto, gerora gogoratzeko, gure memorian lanbrotu egin daitezke eta. Oscar Terol umorista maskara ipinita izozkia «jaten» agertzen den bideotxoa esaterako, ikusteko zer eginarazi diguten eta zer egin dugun.

Egia iheskorra da eta nekez argituko da bere osotasunean, neure ustez. Agintariek ez dute onartuko «pandemiaren» kudeaketa negargarria izan dela, huts egin dutela. Ez dute frakasoa onartuko, ez. Lehenago errungo du arrautza oilarrak. Zikin guztia alfonbrapean ezkutatuko dute eta isiltasuna nagusituko da aurrerantzean. Beste gai batzuk aterako dituzte telebistan, gure arreta desbideratzeko. Eta Nadal goretsiko dute. Australia kolpatuan «zentzunak» irabazi duela gogoraraziko digute luzaroan, eta Djokovicek galdu duela, araua hautsi duenak, «ardi beltzak». Bueno, betiko kontua da hori, eta betiko moduan sinistuko dugu esaten diguten guztia.

Kontuak kontu, gure lurralde pertsonala bortizki inbaditu dute  «osasunaren» izenean, «diktadura sanitarioa» inposatuta. Beldurraren birusak gure zentzuna eta gure sena hil ditu, eta gure oinarrizko eskubideak hankapean hartu dituzte, apurka-apurka. Ondo dakite igela ur irakitan sartuz gero laster irtengo duela handik, salto batez, baina badakite uretan gustura geratuko dela sua apurka-apurka bizituz gero, konturatu barik hil arte. Eta hala gertatuko zaigu guri ere; gure bizipoza, gure eskubideak eta gure gerizpea oso-osorik kenduko dizkigute, apurka-apurka,  eurek markaturiko bidetik irteten ez badugu. Durangoko horma batean irakurritako beste pintada batek ondo ilustratzen du inposatu nahi diguten bide posible hori (gaztelaniaz ipiniko dut, halantxik dago idatzita eta): ‘nacer, crecer, trabajar, consumir, obedecer, votar, vacunar, morir’.

‘Sublevados’ dokumentaltxoan (euskalnews.com-en dago ikusgai) Cristian Martínez suhiltzaileak esandako hitz batzuk erreskatatu nahi nituzke, euskaratuta, entzun nionarekin erabat identifikatuta sentitzen naiz eta: «ezdeusa naiz ezertxo ere aldatu nahi izateko, baina lasai zahartu nahi nuke, nire aletxoa ipinita behintzat, nire barruan lekurik har ez dezan pentsamendu honek: ‘hau esan edo bestea egin behar nuen, baina ez nuen ezertxo ere egin’. Azken batean, horrek markatzen du aldea». Nik neuk neure ahalegintxoa egingo dut, egiten nabil, Schlemihl gaztearen moduan gure gerizpea berreskuratzeko, gure oinarrizko eskubideak berreskuratzeko; bestela, gureak egin du. Gerizperik barik, akabo!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!