Gerizperik barik, akabo! (I) Maskara

Peter Schlemihl-en istorio miresgarria liburuan, Von Chamisso idazle alemanak Peter Schlemihl pertsonaiaren zoritxarra kontatzen digu. Bizitzako arauak ezagutu ez, eta Schlemihl gazteak bere gerizpea salduko dio grisez jantzitako gizon misteriotsu bati (deabruari), hark eskatuta, urrezko txanponez beteriko zakutxo agortezin baten truke. Baina tratuak ondorio lazgarriak ekarriko dizkio, gerizperik barik gizarteak baztertu egingo du eta. Egonezinaren egonezinez, barruko harrak bakerik ematen ez diola ikusita eta engainatu egin dutela sentituta, bere gerizpea berreskuratzen ahaleginduko da. Urtebetera, berriro ikusiko du grisez jantzitako gizona eta bere gerizpea eskatuko dio, baina hark musu-truk bueltatu nahi ez. Arima salduz gero baino ez duela berreskuratuko esan dio, bestela ez. Schlemihlek uko egingo dio proposamenari.

Azken urte bietan, arau kontrajarri, ulertezin, onartezin, zapaltzaile eta legez kanpokoez jantzi dute gure gizartea, mundu osoa, eta Peter Schlemihlen antzera ibili gara eta gabiltza, noraezean, galduta, ernegatuta, desesperatuta, minduta, engainatuta, antsietateak jota, larriminez, gerizperik barik eta gure oinarrizko eskubideak behin eta berriro urratuta eta zapalduta. Zer dela eta? Koronabirusaren «pandemia» honetan agintariek (agintarien goitik daudenek, hobeto esanda) euren botere-gose aseezinak bultzatuta harturiko jarrera diktatorialagatik, koronabirusagatik beragatik baino gehiago. Jarrera horri kiratsa dario leku guztietatik, erabaki duten guztia edo ia guztia nondik heldu ere ez dagoelako (zoratu ere egin gaituzte), eta guztiz normala da pentsatzea amarruaren eraginpean gaudela, gezur handi baten (inoizko handienaren) eraginpean. Ulitxa belarrian, horixe bera pentsatu du espiritu kritiko minimoa duenak, eta baditu arrazoiak. Bat, esaterako, Munduko Foro Ekonomikoko «jainko boteredun ahaltsuek» 2017an Davosen (Suitza) egin zuten batzarra. Orain arteko sistema ekonomikoa eta soziala goitik behera aldatzea erabaki zuten han (noiztik ote daukate hori pentsatuta?), entitate kapitalista handiek, jarrera totalitarioa hartuta, munduaren kontrola hartzeko. Zertarako bestela! Orain urte batzuk OMEk irizpideak aldatu zituen «pandemia» zer den definitzeko, eta askoren ustez horrek ere izan du eragina bizi dugun egoera honetan. Hilkortasun tasa barik, gaixotasuna mundu zabalean zenbat hedatu den da kontua gaur egun; berdin dio hildakoak asko edo gutxi diren. Hau dena amarrua izan daitekeela pentsatzeko beste arrazoi bat, nola ez, Bill Gates cowboy-a saltsa honen erdian egotea, ordenagailuetako birusak eta antibirusak bere kapela hegal-zabaletik agerrarazten eta desagerrarazten artista dena. Amesgaizto hau noiz hasiko zen iragarri zuen eta noiz amaituko den ere iragarri digu bere mihi pozoitsua dantzan ipinita. Halako aztirik! Eta gauza harrigarrietan harrigarrienetariko bat Frantziako Nexus aldizkariaren aspaldiko ale batean ikusi dugu, 2019ko martxoa-apirilekoan hain zuzen ere, «pandemia» hasi aurretik. Artikuluak bizitza osoan iraungo duen bakunazio-plan mundialaz hitz egiten digu, dena hotz-hotzean kalkulatutako planaz. «Bakunazio-txartela» aipatzen da, jendea doktrinatu behar dela  «bakunatu» dadin, «bakunatzen» ez denak ez duela soldata kobratuko, nanoteknologia ere aipatzen da… Eta aldizkarian aipaturikoa zehatz-mehatz gertatu da. Zail da sinesten hori dena kasualitatea izatea, baina batzuek itsu-itsuan sinistu dute. «Ez zaizue miragarria iruditzen nolatan egon gaitezkeen itsu zerbait ikusteko prest ez gaudenean»? Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue liburuan datorren esaldi bat da (idazlea beste gai batez dabil, jakina; Bernat Etxepareren Emazteen fabore poemaz) eta egokia iruditu zait darabildan gairako.

Baina, bizi duguna benetan da «pandemia», ala badu «plandemia»-tik ere? «Egoera ezin larriagoa» da, ala «lau kantoiko ontza»? Ala erdibideko bat? Denerik entzuten da. Zenbat buru, hainbat aburu. Kontua da gaixotasuna gure artean zabaldu dela, hori ez dago inondik inora ukatzerik, eta denok ikutuko ei gaitu lehenago edo geroago, baina gaixotasunaren inguruko kontu askok eta askok ilunetik dute gehiago argitik baino, neure ustez. Hain larria da benetan? Esan nahi dut, hain hilkorra da? Badakigu zein den munduko populazio osoaren heriotza tasa koronabirusa dela eta? Datu ofizialen arabera, ez da %0,1era heltzen, (Juanjo Martínez doktoreak eta  beste mediku askok esana, datu ofizialak eskuetan, diotenez). Beraz, %99k baino gehiagok bizirik eutsi dio. Hil direnak, koronabirusagatik hil dira ala koronabirusarekin baina beste patologia batzuengatik? Zergatik ez da egin autopsiarik hori argitzeko? Edo hobeto esanda, zergatik debekatu zuten autopsiak egitea? Zein da hil direnen batez besteko adina? Urteroko gripeak baino zenbat gehiago hil du koronabirusak? Datu ofizialek diote antzera batean hil dutela. Orduan? Hainbesterako al da ekonomia hankaz gora jartzeko eta hartu diren neurriak justifikatzeko, ikusita gainera neurri horiek zelako mina eragin duten herritarren artean? Hainbat negozio txiki itxi behar izan dira; depresioa milioika lagunen barruetan sartu da; suizidioek ikaragarri egin dute gora, gazteen artean batez ere, herritar asko antsietateak jota dagoelako, euren egoera emozionalak behea jo duelako, bizipozik barik egon delako; minbizia kasuek ere nabarmen gorako bidea hartu dute sasoiz detektatu ez direlako, koronabirusetik aparte ia ezeri ere ez zaiolako jaramonik egin. Eta horiek adibide batzuk baino ez dira. Aditu askok (ez telebistan agertzen direnek, jakina) diote hartu diren neurriak ez direla proportzionalak izan egoerarekin; neurriak baino gehiago, sumisioaren eta errepresioaren botika eman digutela, zigorraren botika, sistema immunologikoa benetan babestu beharrean. Jakina, azken horrek ez du dirurik ematen, eta diruan oinarrituriko zibilizazioan bizi gara.

Koronabirusaren afera hasi zenetik, gutariko bakoitzak jarrera bat hartu dugu. Batzuk «ardi beltzak» izan dira, lehen aipatu ditudan espiritu kritikodunak, nolabait esateko, bertsio ofiziala sinetsi ez dutenak (ez dut esan «negazionistak», boteredunek eta euren morroi edo akolitoek behin eta berriro hala deskribatu badituzte ere, haiek gutxietsi, isolatu eta isilarazteko asmoz). Bizi dugun egoera autoritario honetan ez da erraza «ardi beltza» izatea, gizabanako errebeldea izatea tribuaren ahots kolektiboaren kontra, batez ere beldurra neurriz kanpora zabaldu den garaiotan. Nekeza da izokinaren antzera korrontearen kontra igeri egitea. Eta zer esanik ez «pandemia» honen hastapenetan.

Batere zentzurik izan ez arren, aire librean maskara ipinita ibiltzera derrigortu gintuzten, eta berriro derrigortu gaituzte. Baina inoiz ere ez da egon aire librean birusa kutsa daitekeen ebidentzia zientifiko sendorik. Eta hori zientzialariek diote, gaian adituak direnek. Eta hala idatzi nuen orain ia urtebete Anboto astekariaren edizio digitalera bidalitako Itsasoan goldaketan testuan, beste gauza askoren artean. Aire librean maskara erabiltzea buruan azalorea erabiltzearen parekoa dela esaten nuen, ezertarako ere ez duela balio, gure osasun fisikoa eta mentala hondatzeko baino ez bada, eta beldurrez bizi behar dugula gogoratzeko elkarri. Baina ez, bigarrenez ere zentzunbakokeriaren lokatzetan plisti-plasta ibiltzera derrigortu gaituzte, eta maskararik barik joatea «arauz kanpoko» bataiatu dute, baina ez da legez kanpokoa. Maskara aire librean derrigortzea bai bada legez kanpokoa. Baita alarma-egoera dekretuz agintzea ere, eta konfinamenduak eta itxiera perimetralak agintzea. Bizi izan dugun egoeran bai, behintzat.

Baina «ardi beltza» seinalatu egin dute zeru zabalaren azpian musukorik barik joatearren edo konfinamendua haustearren. Seinalatua izatetik aparte, irain parrasta entzun du arau, erregela eta protokolo txatxuak gorputz eta arima defendatu dituztenengandik. «Lotsabako» deitu diote, «insolidario», «terraplanista», eta batek daki zer gauza gehiago. Diskurtso arriskutsuak egin dituela ere leporatu diote, mundu guztia arriskuan ipini duela. Eta sasi-txerto hori ipini ez duelako ere gorriak eta beltzak entzun ditu. Ez lukeela eskubiderik eduki behar kalera irteteko, eta kalean badago «bakunatu» direnei eskerrak dela, eta abar. «Ardi beltzaren»  desadostasunerako askatasunari ateak itxi nahi izan dizkio batek baino gehiagok, bidegabeki, baina esango nuke ez dutela euren helburua lortu. Metalezko barrenak behar dira gero hain astakeria handiak esateko eta tiranoaren lege bidegabeari hortzak erakusten saiatu denari halakoak leporatzeko!

Halakoak izan direlako, nire ustez, «krisi sanitarioaren» izenean gure  Urkullu lehendakariak, Gotzone Sagarduik, Labikoek eta konpainiak euren ezjakintasunaren ozeano neurrigabean hartu dituzten neurri asko eta asko, zentzugabeak, inposatzaileak eta zapaltzaileak, diktadura batean hartzen direnen tankerakoak, batek daki zein «adituren» aholkuri jarraituta. Neurri horiekin, arazoa konpondu barik, amildegiaren ertzera eraman dute herritarra. Ekonomia lokala hondatu egin dute neurri handi batean, eta zer esanik ez herritarren osasun mentala. Bada, lege zentzugabe eta inposatzailearen aurrean zilegiak dira (izan behar lukete) desobedientzia zibila eta intsumisioa. Eta horixe egin du «ardi beltzak», desobeditu, arauari lepoa eman, protestatu, diskriminaziorako, segregaziorako, amildegirako eta infernurako bidea hartu duen trena geratzeko eskatu, bertatik jaitsi egin nahi duela eta. «Ardi beltzen» kopuruak gora egin du eta orain askoz gehiago dira tren horretatik irten dutenak edo irten nahi dutenak (ia inortxo ere ez dago prest hirugarren dosia hartzeko), arrapaladan irten ere, andaparako txaramela zabaldurikoan urak purrustan irteten duen antzera.

Eusko Jaurlaritzaren begietara «ardi beltzetan beltzenetarikoa», okerrena, izan daitekeena ekarri nahi nuke lerrootara: Jon Ander Etxebarria biologoa, Euskadiko Biologoen Elkargoko dekano ohia, gaian aditua. Hainbat bider entzun diot esaten birus hau «neuronala» dela beste ezer baino gehiago, eta agintariek hainbat tranpa egin digutela, batez ere PCR probari dagokionez (horixe da, bere ustez, «amarru» handi honen gakoetariko bat). Bere esanetan, PCR testa erreminta lez erabili da gaixotasun bat diagnostikatzeko, baina test horrek sekula ere ez duela gaixotasun bat diagnostikatzen. Eta, labur eta argi esanda, zenbat eta PCR proba gehiago, orduan eta positibo gehiago egongo direla, bistakoa dela hori, baina horrek ez duela esan nahi gaixo gehiago dagoenik sinestarazi nahi izan diguten moduan. Dioenez, ez digute esan positibo guztietatik zenbat lagun gaixotu den, eta horrek, krisi sanitario batekin baino, alarma publizitarioarekin duela zerikusia. Eta ez hori bakarrik. Etxebarriak dio euren komenientziara igotzen edo jaisten dutela PCR proben kopurua. Gabonen bueltan, esaterako, milaka eta milaka gehiago egin ei dituzte, beste aldikada batzuetan (hauteskundeetan, esaterako) baino bost-sei bider gehiago. Eta zikloak ere euren komenientziara erabili dituztela aipatzen du, desberdina delako 20tik 22rako zikloak izatea (positibo gutxiago) edo 40tik 42rakoak (edozergatik eman dezake positibo). Eta hala sorrarazi dituztela «olatu» famatuak. Etxebarriak dio, beti datu ofizialak eskuetan, ez nik. Oso datu garrantzitsu bat ezkutatu egiten digutela (edo gezurra esaten digutela) ere esaten du: zenbat gaixo dauden ZIUetan koronabirusagatik eta zenbat «bakunatzearen» ondorioz. Eta eskandaluzko datuak aipatzen hasita, PCR probetan gastatu den dirutza: milioiak eta milioiak. Bien bitartean, lehen arreta zerbitzua «abandonatuta» eta osasun sistema prekaritate absolutuan. Planifikazio sanitarioa da benetan arazoa, eta osasun langileak protestaka ibili behar, urtero legez. Urteroko gripearekin beti egon dira ospitaleak kolapsatuta, neurri batean edo bestean, eta horrela jarraituz gero, berdin gertatuko da hurrengo urteetan ere. Hori ere Etxebarriak esanda, ez nik.

Eusko Jaurlaritzakoez gain, Jon Ander Etxebarriak EH Bildu ere gogor kritikatu du, neurriak gogortzea eskatzeagatik, erabateko konfinamendua, etxeratze-agindua eta itxiera perimetralak (hirurak legez kanpokoak) eskatzeagatik, eta diskurtso ofizialaren aurrean burua fidelki makurtzeagatik. Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) milaka gaztek ere aurreko asteburuan Bilbon eta Iruñan egindako manifestazioetan irmo kritikatu zituzten hiru neurri horiek eta beste batzuk (COVID ziurtagiria, gazteen kriminalizazioa, jazarpen poliziala eta osasun zerbitzuen murrizketak, besteak beste). Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak antzera batean kritikatu du EH Bildu idatzi berri duen Izurritea liburuan: «EH Bilduk neurri gogorragoak eskatu dituen aldiro flipatu egin dut. Flipatu egin dut, pentsatzen dudalako, izan ditugun neurri asko zentzugabeak izan direla oraindik eta gehiago eskatzeko. Flipatu egin dut egon diren neurriekin eskubide asko jarri ditugulako gure agintarien esku eta hori baino gehiago eskatu nahi izan zaigulako herritarrei. Eta flipatu egin dut, batez ere, ez delako agintean dagoen alderdia hormaren kontra jarri osasun sistemaren kudeaketan». Eta niri ere bisigu-begiak jartzen zitzaizkidan neurri horiek zorroztu behar zirela entzutean, eta lurrak dardara egiten zuen nire oinen azpian. Beste alderdi guztietatik ez dut ezertxo ere itxaroten, baina EH Bildurengandik beste zeozer bai (Elkarrekin Podemosengandik ere bai). Mingarri egiten zait kritika hau egitea, eta ziur naiz Onintzari ere ez zitzaiola erraza egingo, gure teilatura harriak botatzen gabiltzalako neurri batean, baina nahiago dut neure barruak askatu eta jaso dudan informazioa (elinvestigador.org webgunekoa, adibidez) eta neure iritzia plazaratu, jakinda, gainera, ez garela horrela pentsatzen dugun ezkertiar bakarrak, kontua bolo-bolo ibili da-eta nire inguruan eta Euskal Herriko txoko-bazter guztietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!