Eta zuk non ikusiko duzu Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ?

Erabiltzailearen aurpegia Jone Guenetxea 2017ko abe. 4a, 15:00

Bertsolari eta bertsozale sutsu batek esan zidan orain dela gutxi, bertsolari txapelketetako saioetan gehiago zaindu beharko litzatekeela elikadura. Poltsikoan fruitu lehorrak eraman eta aldiro-aldiro bertsolariek jan egin beharko luketela uste zuen. Hasieran ideia bitxia iruditu zitzaidanak zentzua hartu zuen haren azalpena entzundakoan. Txapelketetan, txirrindularien moduan, aldiro-aldiro energia emango dieten elikagaiak jan beharko lituzketela zioen. Konbentzitu egin ninduen.

Elikadura zainduta zein ez, imajinaezina egiten zait txapelketako taula gainean egote hutsak suposatu dezakeena; finalaren hasieran bertsolariek oholtzara igotzeko egiten duten ibilbidea publikoaren txalo zaparrada artean bizitzea izan daitekeena. Sufrimenduz eta gozamenez bizi ditut txapelketak. Sufrimenduz, etxeko baten bat kantuan arituko balitz lez pentsatzeko hartzen duten segundo eta zalantza momentu bakoitza eternala egiten  zaidalako. Gozamenez, ale gogoangarriak entzun eta hunkitzeko duten gaitasun infinituagatik. Bi sentsazioak txanpon beraren bi aldeak dira.

Aurten, Durangaldeko bertsolari bakarra (ez da gutxi) izango dugu taula gainean: Igor Elortza. Zorionak, Igor, zorterik onena opa dizut. Miren Amuriza bertan izango zen esperantza genuen, baina beste urte batean izango da. Jakin ezazu, Miren, zugaz harro gaudela eta guretzat txapeldun handia zarela. Hurrengoan, poltsikoan eramateko Andikonako intxaur eskukada nire kontu. Ostera, bada finalean parte hartuko duen beste  berriztar bat: Maite Berriozabal, gai-jartzailea. Bejondeizula, Maite. Amaia Ugalde elorriarragaz batera lan ederra egin duzu.

Sarrerarik barik gelditu denetakoa naiz ni. Plateruenean zozkatzen ari diren bi sarrerak lortzeko hainbat txartel sartu ditut kaxan, baina, nago, azkenean telebistaz ikusi beharko dudala. Zorionak denoi, hasi orduko denok irabazi baituzue. Denok irabazi baitugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!