Aparretan

Lehen mailako buruz buruko txapelketa nagusiko finala jokatuko du igandean Aitor Elordik Bizkaia pilotalekuan. Jokatzeko aukera ere ez izatetik, txapela irabazteko partida bakarrera egotera pasatu da mallabitarra sei astean. Izan ere, Rezustak eta Zabaletak txapelketa jokatzeari uko egin izanaren ondorioz sartu zen txapelketan, Elezkanorekin batera. 

Aurrez ere buruz buru ondo moldatzen zela erakutsia zuen arren (2019ko eta 2020ko Promozioko finalak galdu zituen Darioren eta Arteagaren aurka), inor gutxik pentsatuko zuen Aitor egun dagoen egoeran ikusiko genuenik; urteko txapelik garrantzitsuena irabazteko azken pausoaren faltan, alegia. Baina binakako txapelketako uraren gaineko aparretan jarraituz, eta honek dakarren konfiantza psikologikoak lagunduta, momentu honetan edozeini irabazteko gai dela erakutsi du hilabeteotan. Horren erakusgarri da etziko finalean aurkari izango duen Altunaren kontra Eibarren jokatutako partida. Non 15-18 irabazten joan eta 22-18 galdu arren, estu hartu zuen azken urteotako pilotari onena.

Ezustekoen aurrekariei erreparatuz, bat-batean datorkit 2020an Jakak egindakoa gogora. Pronostikoak erabat hautsiz sartu zen finalean Urrutikoetxea eta Elezkano kanporatuta, aurten Elordik egin duen moduan, eta Altuna bera garaitu zuen Bilboko finalean. Bien arteko antzekotasunak nabariak izanik, saihetsezina da txapela irabaztea posible duela sinestea, betiere, amezketarrak ustekabeko emaitzak ematea zenbat zailtzen duen ahaztu gabe.

Amaitzeko, Elordiren kirol lorpenak goresteari bezain bidezkoa deritzot nola egiten ari den baloratzeari. Oinak lurrean dituela bizi du kirol ibilbideko momenturik gozoena, noizbait olatu gabeko itsaso barean aritzea ere egokituko zaiola jakitun. Bada, egoera horri ere aurre egiteko baliabide berriak eskuratu dituela iruditzen zait; alde batetik, profesional mailan daraman urteetako esperientziari eta, bestetik, teknikoki, fisikoki zein psikologikoki egiten ari den lan emankorrari esker.

Zorte on eta segi gozarazten, Aitor!  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!