Laino ilunak

Enpresak aspaldi honetan hartutako erabakien kontrako komunikatu bat publikatu zuen langile talde batek. Enpresaren erantzuna beste langile bat kaleratzea izan zen. Horren ondorioz, langile taldeak erakunde publikoen laguntza eskatzen zuen bigarren idatzi bat argitaratu zuen. Baina handik hiru egunera enpresak laugarren langile bat kaleratu zuen. Enpresaren erasoen aurrean, langile taldeak 12 eguneko greba deialdi bat egin zuen. Enpresak, arriskua ikusita, bilera batera deitu zituen greban zeuden langileak. Bileratik akordiorik gabe irten ziren, ordea, eta langile taldeak grebarekin aurrera egitea erabaki zuen. Azkenik, enpresari greba eskubidearen urraketa egotzita sindikatuak epaitegira jo zuen.

Edozein lan gatazkaren ohiko kontakizun kronologikoa izan zitekeen honek badu berezitasun bat; esku pilotak ez duela inoiz bizi izan, greba egitera iritsi arte, hautsak harrotu dituen gatazkarik.

Esan bezala, esku pilota profesionala oso urruti zirudien “mobilizazio” edo “greba” kontzeptuetatik, baina azken urte eta erdi eskasean izan duen bilakaerak pilotarien susperraldia eragin du. Afera honek, gainera, pilotarien lan baldintzen errealitatea erakutsi digu eta aurrez genituen usteak erdi ustelak zirela ikusi dugu. Besteak beste, pilotariek soldata altuak kobratzen zituztela pentsatzen genuenean, bestelako datuak argitaratu zituen pilotari taldeak. Bitxia da enpresak egoera ekonomikoaren aitzakian etorkizun handiko eta soldata baxuko kontratuak bertan behera uztea erabakitzea, etorkizunik gabeko eta soldata altuenetako kontratu bat berritzen duen bitartean. Hortaz, beharrezkoa zen pauso bat aurrera egitea pilotaren gainbeherari aurre egiteko.

Laino ilunak ikusten dira esku pilotaren zeruan eta pilotazaleak aurrez inoiz ikusi gabeko afrontuari begira gaude. Baina etorriko dira egun eguzkitsuak eta orduan bilduko dituzte etorkizuneko pilotariek gaur ereindako hazien fruitua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!