Aitor Elordi zerrenda luze horretara gehitzeko moduko beste momentu aipagarri bateko protagonista izan zen. Promozio mailan binakako finalerako pasea lortzeko balio izan zien gantxo hartaz ari naiz. Hogeita banako berdinketarekin Aitorrek bikotearen erantzukizuna hartu eta gantxo zehatz batekin bukatu zuen partidua. Mallabitarra, Oier Etxebarria debutariarekin batera, finalera iristea, txapelketa osoan zehar bikotearen zama bere gain hartzea, hain tentsio handiko momentuan gantxo hura markatzea… ez dira inondik inora kasualitatearen ondorio.
Elordik 2016an egin zuen debuta profesionaletan, 19 urte zituela. Askoren ustez, pilotari “polita” zen, baina oraindik “egin gabe” zegoen eta, ondorioz, profesional mundura moldatzea kosta egin zitzaion. Orain, ordea, pilotari zaildua da Aitor, bere tokia hartzen doa eta konfiantzaz gainezka dago. Deskribatu ditudan bi Elordiren artean hiru urteko lan nekaezina baino ez dago. Hori da bere sekretua. Larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan, txapela irabazi edo ez, Promozio Mailako binakako txapelketa borobil bati bukaera emango dio mallabitarrak. Aldiz, bere gorakadak mugarik gabeko jarraipena izaten jarraituko du.