Getxon hasi eta Oiz puntan bukatu arteko kilometro guztietan, jende ugari ikusi zitekeen errepideko alde bietan, gure Bizkaia maitean barrena. Txirrindulariei ez zitzaien oharkabean pasatu berotasun hori. Askok idatzi zuten eskerrak emanez.
Lehenengo ordutik, bizikletan, oinez, kotxez, motorrez, jende ilarak pistan gora. Eta behin bide ondoan, denak txirrindularien zain, batez ere, etxekoei begira: Bizkarra, Castroviejo, Fraile…. eta gogotik animatu zituzten.
Ume guztiak han zeuden euren izarrak ikusten eta kirol maitatu hau arnasten eta bizitzen. Jai giroa, bazkariak, edariak… eta txirrindulariak eurak ere jai giroko parte, batez ere ezer jokoan ez zuten horiek: zaleen aurrean aurreko gurpila goratuz eta akrobaziak eginez, irribarrez agurtzen, oso jator eta esker onez.
Horrelako harrerarekin profesionalen karrerak behin eta berriz etxetik pasatzea espero dugu, luxu bat delako. Txirrindularitza maite dugun denok desiratzen egoten gara.
Aipamen berezia egin gura diot irabazleari, ia ez zuen indarrik puntara heltzeko, baina bere seme aingerutxoa zerutik zegoen indarra emanez, aitak irabazteko. Hunkigarria izan zen, eta, aldi berean, gogorra.
Eskerrik asko zaleei, txirrindulariei eta denei, kirol hau hainbeste maitatzearren eta horrela bizitzeagatik.
Neure alabak ere berdina jasoko du.