Ekainaren 28a, ere, erdigunera

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Herrera 2019ko eka. 28a, 12:39

Goizaldeko ordu txikiak ziren. New Yorkeko “Stonewall” tabernak, ohi bezala, lesbiana, gay, trabesti eta enparauak zituen bezero. Eta ohi bezala, polizia azaldu zen tabernara bere sarekada eta atxiloketekin segitzeko.

Une batetik bestera, baina, gertatu beharrekoa gertatu zen: hostiak egon ziren tabernaren kanpoaldean. Bezeroek adreiluak eta takoidun zapatak bota zizkieten polizia agenteei. Gasolina hartu eta tabernari su ere eman zioten polizia barruan zela. Jazotakoak utzi zuen emaitzarik: historian lehen aldiz, LGTB kolektiboak autoritateari aurre egin eta irabazi egin zion. Ekainak 28 zituen. Eta ez, sexu askatasunaren borroka ez zen purpurina koloreko karroza batean desfilatzen iritsi, hostiaka baino.

Irudipena dut herri mugimenduetan hain engaiatuta egon den Euskal Herrian (nagusiki Ezker Abertzalearen ildoko eremuaz ari naiz, ekosistema anarko-abertzaleetaz ere bai) sexu-askatasunaren borroka beti mantendu dela periferian; sekula ez dela erdigunean jarri... eta, aldiz, beste hainbat borroka beharrezko eta zilegi bai izan direla begi bistakoak. Adibide asko aipa litezke: herri mugimendua ez da palestinarra, baina hemendik milaka kilometrotara gertatzen den lurralde batekin enpatizatzen du. Apenas ikusten da zezenik gure larreetan, baina herri mugimenduak tauromakiaren aurka borrokatzen du. Euskal Herriaren egoeraz kontziente, herri mugimenduak bere egiten ditu Korsikako, Saharako, Kurdistango edo Kataluniako mugimenduak. Azal zuria duen arren, arrazakeriaren aurkakoa eta kolore aniztasunaren aldekoa da herri mugimendua.

Aztertu beharko da ea zergatik ez dion Ezker Abertzalearen ildoko herri mugimenduak  sexu asktasunaren borrokari merezi duen ikusgarritasuna eman. Egunen batean ohartu beharko da herri mugimendua, zezenketek, arrazakeriaren aurka egoteak, urrutiko lurraldeen alde egoteak, emakumearen borrokak zein LGTB borrokak helburu bera dutela: gizarte baten askatasun maila handitzea.

Gaur euskal hiriburuetan edo Irisarriko pentzeetan mugituko da LGTB kolektiboa. Egingo du oihu askatasunaren alde, aniztasunaren alde, armairuan daudenen alde, armairuan daudenik ere ez dakitenen alde, noizbait, pultsio homosexualak anulatu eta beldurragatik haien burua bizimodu hetero batetara kondenatu zuten agureen alde.

Bai. Gaur (ere) ukabila itxiko du LGTB mugimenduak. Eta ez, ez da “fisting” egiteko izango (edo baita ere).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!