Berbarok 30 urte

30 Kontu (III). ‘Deserosotasunetik euskAhalduntzen’- Argiñe Alacano Loiti

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2019ko mar. 30a, 09:00

Larritzeko arrazoiak baditugu, bai. Datuen arabera, durangarren % 53 da euskaraz berba egiteko gai baina kaleko erabilera % 22,7koa da. Euskal Herrian indarkeria matxistak 98 emakume eta 11 ume hil ditu 2003tik. Pasa den urtean, 40 salaketa baino gehiago egon ziren Durangon. Zoritxarrez, jende askok oraindik ez du icebergaren azpian geratzen den guztia “ikusten” ezta ulertzen ere. Ez dakigu zer den “emakumeok*” hitzari jartzen diogun asteriskoa edo zeri egiten diogun planto. Zeri eta zelan. “Bizi” garen sistema heteropatriarkal kapitalista honetan, hizkuntza(k) edota ber(ai)e(n) erabilera matxistak dira, oraindik, heteroaraua eta binarismoa errotuta daude, eta abar, eta abar, eta abar…

Gauzak horrela, bai emakumeok* eta baita euskarak ere, hainbat zapalkuntza pairatzen ditugu. Izan ere, emakumeon* egoera sexu-generoa, klase soziala eta nazioaren (kultura, jatorria, arraza…) arabera baldintzatuta dago (zapalkuntza hirukoitza deiturikoa). Herri zapaldu batean bizi garenetik, feminismo intersekzionala izan behar dugu helburu; zapalkuntzak nola lotzen eta artikulatzen diren ulertzeko eta horiei aurre egiteko.

Jakin badakigu feminismoa eta euskara ez direla erosoak gaur egun, praktika politiko erradikalak dira, gatazkatsuak. Baina gure bizitzan gatazkak beharrezkoa dira, eta horien lanketa egokia eginez gero, bai norbanako moduan eta baita kolektibo gisa ere, indartuta aterako gara.

Badaukagu zer egin. Gauza txikietatik hasi, mikroiraultza deritzaien horietatik, eta pixkanaka-pixkanaka gauza handiak lortuko ditugu. Esaterako, Euskaraldia egitasmo oso polita iruditu zitzaidan. Niri behintzat askorako balio izan zidan. June Fernandezek dioen moduan, asko gure konfort egoeratik irten behar izan ginen, deseroso sentitu izan gara momentu batzuetan eta ahalduntzeak euskaran (ere) duen zentzua ulertu dugu. Zein da araua? Eta biderik erosoena?

Euskaraldiak eta feminismoak helburu bat (eta gehiago) partekatzen dute, ohiturak aldatzea, alegia. Harremanetan hamaika ohitura ditugu, hizkuntza-ohitura(k) tartean. Eta ohitura direnetik, zailtasunak, oztopoak eta deserosotasunak aurkitzen ditugu horiek aldatzera “ausartzen” garenean. Baina ausartze horiek ahalduntzen laguntzen digute.

Garrantzitsua izan zen Euskaraldiaren 12. eguna, bai, eta hurrengokoak ere bai. Era berean, martxoaren 9a edo maiatzaren 18a ere borrokan jarraitzeko egunak dira. Urte osoan presente izan behar dugun zerbait d(ir)a; ez dadin izan egun bateko (edo hamaikako) gauza bat eta ez dezagun utzi euskara edo feminismoa moda bat izaten.

Feminismoa eta euskara bizitzeko moduak direlako, herri egiten gaituztelako.



*30 kontu iritzien atala Berbaroren 30.urteurrenean sortu dugu: hilero, hilaren 30erako, durangar bati euskara eta gizarteko esparru baten inguruko hausnarketa eskatuko diogu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!