Berbarok 30 urte

30 Kontu (I). Berbaro: Leiho bat zabaltzera gatoz, geroa aldean

Erabiltzailearen aurpegia Berbaro Elkartea 2019ko urt. 30a, 10:47

Lerro hauek emango diete hasiera urte osoan zehar hilaren 30ean argitaratuko diren beste kolaborazioei. Euskara eta gizarteko beste eremu batzuen esperientziak ezagutzeko aukera izango dugu.

Berbarok 30 urte betetzen ditu aurten. Nerabetasuna alde batera aspaldi utzita, aurrera darrai indarrez beteta. Geroa aldean, iraganeko eskarmentua eta egungo esperientzia uztartuz, euskararen etorkizuna hauspotuz lan egingo dugu datozen urteetan.

Jakitetik egitera eta ezjakintasunetik ezagutzara dauden oztopoak gainditzen jarraituko dugu euskaraz bizitzea posible izan arte; oraindik ere, elkarteak bizi irauteko arrazoi nagusia sorrerako helburuak baitira.

Eustaten 2016ko datuen arabera, durangarren % 53 da euskaraz berba egiteko gai; 2017an Sozioliguistika Klusterrak Durangon egindako neurketaren arabera, berriz, kaleko erabilera % 22,7ko da. Hortaz, badago zer egin.

Berbaro elkartean, hamaika proiektu ditugu zuekin partekatzeko. Badira kultura eta euskararen normalizazioari begira ume eta gazteei zuzendutako aisialdirako hainbat ekimen arrakastatsu. Horiez gain, urteurreneko egitaraua lantzen ari gara Komunikazio, Ekintza eta Hausnarketa lan-taldeetan. Berbaro, batez ere, elkarlaneko taldea delako; bazkide taldea, zuzendaritza taldea, hezitzaile taldea, Anboto eta Plateruena taldea, Guka taldea.

Eta, zer esanik ez, elkarlana, zuen parte hartzea eta atxikimendua ezinbestekoak dira denon artean herri euskalduna eraikitzeko; horregatik, elkartearen atea beti izango duzue zabalik. Eskerrik asko, hortaz, gure proiektuarekin bat egiten duzuen guztioi.

Lerro hauek emango diete hasiera urte osoan zehar hilaren 30ean argitaratuko diren beste kolaborazioei. Euskara eta gizarteko beste eremu batzuen esperientziak ezagutzeko aukera izango dugu.

Beste barik, adi egon urtemugak dakarrenari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!