San Trokaz pilota txapelketako finalak zapatuan Abadiñon

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aspuru 2017ko mai. 15a, 12:20

Gazte mailan lau t'erdian eta nagusi mailan binaka jokatuko dira finalak, arratsaldeko 18:00etan hasita. Aurretik, Atxarteko umeek lagunarteko partiduak jokatuko dituzte.

Abadiñoko San Trokaz jaien barruan urtero ospatzen den pilota txapelketa bere azken txanpara heldu da. Asteetan zehar kanporaketak jokatzen aritu ostean, zapatu honetan izango dira final handiak Zelaietako frontoian, 18:00etatik aurrera. Aurretik, Atxarte pilota eskolako umeek lagunarteko partiduak jokatuko dituzte.

Gazte mailan lau´terdian jokatzen aritu dira pilotariak, eta txapela borrokatzeko lehiara Karregal galdakoztarra eta Portugaleteko Garcia heldu dira. Lehenak Aristi hartu zuen mendean finalaurrekoan 22-15eko emaitzarekin; bigarrenak lan errezagoak izan zituen, igandean herriko pilotaria den Jon Arana 22-5 menderatu baitzuen.

Nagusi mailan binakako txapelketa antolatu dute, non 8 izan diren parte hartu duten bikoteak. Larunbateko final handira heltzea lortu dutenak, ordea, 2 bakarrik izan dira: Abadiñoko Aitor Arabiourrutia eta Asier Aspuru Lezamako Aurtenetxe eta Bilbaoren aurka aritu beharko dira txapelketa irabazteko lehian. Lehenek Agirrezabal-Bengoetxea bikoteari 22-11 irabazita lortu dute finalerako txartela; bigarrenek Guerrero-Legarreta bikotea hartu zuten mendean, partidu estu baten ondoren 22-18. Biak ala biak, final orekatuak bezain politak izateko osagarri guztiak dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!