San Prudentzio txapelketako finalak, maiatzaren 1an

Erabiltzailearen aurpegia

Kadeteen eta nagusien mailan jokatuko dira partiduak Traña-Matienan arratsaldeko 17:00etan, binaka eta lau terdian hurrenez hurren. Aurretik, Emakume Masters Cup finaleko errebantxa ikusgai izango dute bertaratzen direnek.

Azken asteetan jokatzen aritu den San Prudentzio txapelketa bere amaierara iristen ari da. Kadete mailan 32 pilotari eta nagusi maila 8 pilotari aritu dira lehia bizian maiatzaren 1eko final handira iristeko helburuarekin. Baina, gutxi batzuk soilik izango dute Matienako jaietako txapela irabazteko aukera.

Kadeteen mailan Zornotzako Atutxa eta Lazkano bikoteak partidu gogorra izango dute Larrazabal amurriotarra eta Uranga azkoitiarraren aurka. Biek ala biek erraz irabazi zituzten finalaurrekoak, 22 eta 3ko emaitzagaz.

Nagusien mailan, Zeanuriko Beñat Mendiak Lezamako Iñigo Aurtenetxe izango du aurkari lau terdiko finaleean. Lehenengoak Legorburu menderatu zuen finalaurrekoan 22 eta 14ko emaitzagaz eta bigarrenak, berriz, Aspuru abadiñarraren aurkako partidu gogor batean gailentzea lortu zuen (22-21), nahiz eta azken honek estu hartu.

Maiatzaren 1ean (astelehena) 17:00etan hasiko da jaialdia. Finalen aurretik, Emakume Masters Cup finaleko errebantxa ikusteko aukera izango dute Matienako frontoira hurbiltzen direnek. Bertan Nagore Arozena eta Maider Mendizabal gipuzkoarrak Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz bizkaitarren aurka arituko dira.

 

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.