Azaroaren 29an kubatar jaialdia egingo da Abadiñoko gaztetxean. Bertan, "Ventana al Valle" proiektu soziokultural komunitarioari babesa adieraziko diote, lorpen handiak lortzen eta hazten ari den proiektua delako, baina aurrera egiteko guztion laguntza ere behar duelako. Jai honetan denetarik egongo dela adierazi dute Abadiñoko Gazte Asanbladatik, hainbat jende eta elkarteren laguntzarekin: Kubari buruzko filmak, proiektuaren gaineko informazioa, bideoak, margo-erakusketa, kubatar kontzertua, bazkaria... eta askoz gehiago.
Aste osoan zehar Kubara eramateko materiala biltzeko txokoa ere egongo da, eta azaroaren 28an emango zaio hasiera egitarauari "El maestro saharaui" filmaren proiekzioarekin, egun handia larunbata izango den arren. Giro ederra sortuko delakoan, eta Kubako herriari elkartasuna eta laguntza paregabea emateko aukera izango delakoan, Abadiñoko herritarrak eta herritik kanpokoak ere asteburu horretan gaztetxera inguratzera eta prestatu duten egitarau interesgarri honetaz disfrutatzera animatzen dituzte. Informazio gehiago http://www.ventanaalvalle.org/blog/1015 webgunean.