Zertan datza Ventana al Valle proiektua?
Proiektu komunitario bat da. Inguru horretan eta Habanan proiektu komunitarioak sortzen dabiltza. Hau da, lagun talde bat biltzen da komunitatearen alde zer edo zer egiteko gogoagaz, modu guztiz altruistan. Horietako asko prozesu kulturalak izaten dira. Hau da, balio kultural batzuk babesteko eta sustatzeko.
Viñales zelako herria da?
Herri nekazari bat da. Mendi bitxi batzuez inguratuta dagoen bailara batean dago. Mendi oso ikusgarriak direnez, Unescok gizateriaren ondare kultural izendatu ditu. Paisaia oso politak daude, eta azken urteotan paisaia-turismoa garatu da. Turismoagaz batera, lehen ez zeuden ezberdintasunak ere garatu dira. Turismoaren inguruan bizi den jendea dibisetatik hurbilago dago, eta nekazariak, berriz, pobreagoak dira, ez dutelako turismoagaz loturarik. Beraz, kezka sozioekonomiko hori badago. Era berean, kezka kulturala ere badago.Turismoagaz dena eraldatu da, eta bisitariei eskaintza estandarrago bat eskaintzen hasi dira bertako balioak baztertuta. Horiek dira, hain zuzen, turista mota bati interesatzen zaizkionak. Beraz, balio horiek berreskuratzeko eta aintzatesteko sortu da proiektua.
Euskal Herritik hainbat lagunek proiektuagaz bat egin duzue.
Gu proiektuan laguntzen gabiltza, baina beraiek dira protagonistak. Jendeak proiektua bisitatzea da gure asmoa. Beraien helburuak eta bertan ekoizten dituzten kultur adierazpenak ezagutaraztea: son, kreole dantzak, repentismoa, ahozko literatura... Ekintza kulturalak egiten dituzte. Ehun lagunetik gora dituen dantza talde bat sortu dute, esaterako. Zortzi monitore dituzte, eta leku askotara jotzen dute. Era berean, antzezlanetarako leku bat dute, eta aldagelak eta antzoki antzeko bat ditu, adibidez.
Ostatu bat ere baduzue.
Bai, ostatu antzeko bat jarri dugu martxan. Hortik ateratzen den diruagaz proiektua finantzatzen da. Proiektuan denek dihardute musu-truk, baina beste gastu batzuetarako baliabideak behar dira. Gela bakar bat dago, baina pare bat gela prestatzea da asmoa. Ez da ostatu tipiko bat. Leku bizi bat da. Espero dugun jendea da hori ezagutzera eta parte hartzera datorrena. Ez da izango isiltasun osoa egongo den lekua. Kulturgune bizi bat da hau.
Kultur trukerako espazioa da, beraz.
Turista jasotzaile pasiboa izan beharrean, ekarpen bat egitera doan turista espero dugu. Dagoeneko, txalapartariak eta bertsolariak joan dira. Orain dela gutxi Bermeoko dantza talde handi bat joan zen. Eta Valentziako dantza talde bat ere joatekoa da.
Zein lotura daukazu Kubagaz?
Lotura pertsonala daukat. Proiektuan dihardutenak ezagutzen ditut. Lagun egin ginen aspaldi, eta proiektua martxan jarri zenetik laguntzen gabiltza; bai ni, bai Euskal Herriko lantalde bat: tartean Iker eta Ane abadiñarrak. Euskal Herriko sustatzaile nagusienetakoak Amparo Loizaga eta bere bikotekidea dira.
Zergatik erabaki duzue jaialdia Abadiñon egitea?
Iker eta Ane Abadiñokoak dira, proiektuan inplikatu dira, han egon dira, eta ezagutu egin dute. Jaialdia egitea proposatu ziguten, eta egitaraua edukiz osatzen hasi ginen. Azkenean nahiko programazio txukuna atera da. Gaztetxean ez bagara sartzen, probalekura joango gara.
Azaroaren 28an ‘El maestro saharaui’ dokumentala emango duzue. Zertan datza?
Dokumental honek Kubara ikastera joandako saharauien fenomenoa azaltzen du. 1982an 10 urtegaz Kubara joan zen saharaui bat ezagutzen dut. Kubak hainbat herrialderekiko izan duen jarrera laguntzailea azaltzen du. Sahararena kasu bat da, baina beste hainbat daude: Nikaraua, Honduras, Namibia, Angola eta hainbeste lekugaz izandako jarrera nabarmendu gura dugu. Une honetan Sierra Leonan eta Liberian ehun mediku eta erizain kubatar daude ebolaren aurka kolaboratzen.
Azaroaren 29rako egun osoko egitaraua prestatu duzue.
Mahai ingurua antolatuko dugu Kubaren egoera sozioekonomikoari buruz berba egiteko. Hainbat gonbidatuk parte hartuko dute, tartean Euskadi-Cuba elkarteko kideak eta Ventana al Valle taldeko kideak. Ondoren, herri bazkarian batuko gara.
Ventana al Valle proiektua aurkeztuko duzue.
Proiektuaren aurkezpen formal bat izango da. Bideoak eta argazkiak emango ditugu, proiektua azaltzeko. Ondoren, Bi Dak abeslari kubatarrak etorriko dira, Danieuris eta Daniellis Moya ahizpak. Kubako abestiz eta euskarazko kantez osatutako sorta eskainiko dute.
Bilboko talde kubatar batek ere erakustaldia eskainiko du.
Bai, Yoruba dantzen erakustaldia izango da, Orisha Ewe taldeagaz. Ausartzen direnentzat dantza kubatarren ikastaro bat emango dute. DJ bat egongo da 19:30etik aurrera, eta Kubako musikaren aukeraketa egingo du.