Gero arte!

Hamar urte pasa dira Anboton lehenengo zutabea idatzi nuenetik. Batxilerreko ikaslea nintzen artean, eta eskaintza egin zidatenean ez nuen zalantzarik izan. Gura nuen eskualdeko proiektu komunikatiboaren parte izatea. Harrezkero buruko minak, poz txikiak eta paper zuriaren aurreko bertigoak bizi izan ditut. Baina, batez ere, gura nuena esateko lekutxo bat izan dudala sentitu dut.

Ezer ez ei da betiko, baina. Zikloak itxi egiten dira, gero igual berriro zabaltzeko; edo ez. Batzuetan kaxa zarratu eta giltza itsasora bota behar da. Besteetan, hobe da giltza jakinaren gaineko lekuan gordetzea, atzera ere zabaltzeko. Anbotok, baina, denontzako ditu ateak zabalik; eta giltzak, giltzak nonahi daude itxitako kaxak berriz irekitzeko.

Hiruzpalau bider aldatu dugu erretratua, pertsonek berezko duten eboluzioaren seinale. Hasierako “ikasle” hark definitu ninduen urte batzuetan, unibertsitate garaiarekiko leial. Gero, ostera, ez nuen identifikazio lar sentitzen jada deitura horrekiko, eta praktikak ez ezik barneko bulkadak definitzen ninduena jarri nuen azpian: “idazlea”. Idazlea delako idazten duena, etengabe idazteko guran dabilena, pentsatzen, sentitzen, zirriborratzen. Izan zutabe bat, izan poema bat. Zu ere ni beste, edo gehiago, aldatuko zinen honezkero. Idazleak irakurlea behar du bizitzeko, behar du haren onespena eta kritika, laudorioa eta hobetze biderako proposamena. Horietako batzuk jaso izan ditut noizbehinka zure aldetik. Horretxegatik nago eskertuta, irakurle. Zeresan handiagoko edo, besterik barik, azaletik idatzitako artikuluei lekua egin diezuelako esker ona; barikuro astekaria jaso eta zabaltzen duzuenoi, begirunea. Zutabea elkarbanatu dugun sortzaileen lanari, errespetua. Idazlea ezin baita izan bere bakardadean, behar ditu beti konplizeak, sortzaile gehiago, elkarrengandik ikasteko, elkar elikatzeko.

Horregatik, Anboto osatzen dugun guztioi besoa altxatu eta agurtxo bat. Ez betierekoa, han ez bada hemen topatuko baikara. Gero arte, besterik ez; Plateruen zahar-berrian, perretxikotan Mendiolako basuen, Gerediagako bertso saioan, Garaiko plazan, Elorrioko kalian, Mañarian gora, Abadiñon San Blasetan, Berrizko autopistapean edo Zaldibarko aldarrian. Eta nola ez, Otxandion Santa Maña egunian. Edo, zergatik ez, Anbotopean koplaka. Han-hor-hemen topatu arte, sano bizi!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!