Filosofiaren defentsan

Lehen urri zena are gehiago urrituko da datorren ikasturtetik aurrera. Espainiako Gobernuak atera berri duen hezkuntza dekretuak, LOMLOE delakoak, erabat bazter utziko du orain arte ere periferian egon den filosofia ikasgaia. Eskumen autonomikoen moldaketen araberakoa izango da katastrofea, baina Madrildik datorren aginduak ia erabat desagerraraziko du filosofia hezkuntza-curriculumetik. Moldaketak moldaketa, katastrofea gertatzen ari da: pentsamendu kritikoa joera orokorra izatetik oso urrun dago. Kontrara, ia anekdotikoa da hezkuntza-sisteman joera horrek duen presentzia. Azken urteetan eskolaz eskola ibili denak jakingo du, oro har, filosofia ikasgaiari eta batez ere haren adar den Balio Etikoak ikasgaiari ze garrantzi gutxi ematen dioten hezkuntza komunitateko kideek.

Filosofia ikasgaia murriztearen ondorioak, baina, ez dira hezkuntzaren eremura bakarrik mugatzen. Filosofia balioa galtzen ari da, ikastetxeetan zein jendartean. Galera horrekin batera gure pentsamendua, zentzuna eta kritikarako gaitasuna ere kolokan daude. Filosofiak, hain zuzen ere, pentsatzen irakasten digu, pentsatzen laguntzen digu eta kritikoak izateko tresnak ematen dizkigu.

Hezkuntza lege berrian islatzen da gizartean orokortutako joera. Garrantzi handia ematen zaio ekintzailetzari, eskolan zein lanean. Ekintzailetzarako grina hori, ostera, ez da sormenaren ikuspuntutik bideratzen. Gure ikasleei izpiritu ekintzailea eskatzen diegu, baina ekoizpenera bideratutako alorretan. Gizarte bezala zentratuago gaude egitean, egotean baino.

Egonean egotea aldarrikatu nuen aurreko Anbotoko zutabean. Hari hartatik tiraka, pentsatzea dagokigu ea hezkuntza (eta, horrenbestez, gure bizimodua) zertan zentratu behar den: modu aseezinean mundua egitean, ala kritikotasunez munduan egoten.

Zorionez, filosofia presente dago gizakiak egiten dituen jardun guztietan, eta ematen diogun garrantzia handia zein txikia izan filosofiak hortxe jarraituko du, temati, galderak eginez eta gizakia pentsatzera bultzatuz. Modu elegantean adierazi zuen Heinrich Heinek filosofiaren unibertsaltasuna: “Adierazi egidazue bizitzaren enigma,/hainbeste bururen gogoeta gaia izan den/enigma larri zaharra,/hieroglifiko txanodun buruek,/kapela belzdun eta turbantedun buruek,/ileordedun buruek eta beste mila/giza buru pobre eta izerditsuk egin baitute/galdera hau: zer da gizakumea?/nondik heldu da?/eta nora doa?".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!