Egonean egon

Lantokitik kotxera bidean 1’5eko abiaduran jarri duzu lagunak bidali dizun audio mezua. Etxerako bidaian amari deitzeko aprobetxatu duzu, behin etxera helduta erlojuaren orratzak kokotera itsatsita edukiko dituzulako.

Bazkaria iruntsi eta eztarrian behera doala atera zara berriro etxetik, pausu arinez, “barkatu, 10 minutu beranduago noa”. Ilundu du egunak eta berriro iritsi zara etxera, dutxatu, afaldu eta biharkoa prestatu. Kontu batzuk kontatu pisukideekin eta ohera. Iratzargailua aktibatu: “alarmak 7 ordu eta 17 minutu barru joko du”.

Egun bi jai eduki ditut eta, behingoz, egun bi jai hartu ditut. Neure buruarekin egin dut lan, neure gorputza zaindu dut. Begiratu egin diot, eskatu didana ematen saiatu naiz. Burua hustu dut, erlojua ahaztu dut eta etxaurreko zuhaitzei begiratu diet. Gorri biziko dituzte orbel bihurtzear diren hostoak. Prozesu geldi horretaz ez naiz ohartu azken asteetan. Izarak aldatu ditut eta eguzki epeletan nola lehortzen diren begira egon naiz. Musika entzun dut, irakurri egin dut, egonean egon naiz.

Hiperestimulaziotik ihes egin dut bi egunez, dena esate aldera, horretarako pribilegioa ere badaukadalako. Ia inorekin kontaktu erreal edota birtualik izan barik pasa ditut bi egun. Aspertuta egotearen ederra dastatu dut, batere gogaitu gabe.

Gizarte likidoaren kontzeptua ez da berria, baina bai gero eta baliagarriagoa. Azkar bizi gara, azkarregi. Zenbat izen esaten ditut egunero? Zenbat elkarrizketa diferente ditut aldi berean? Zenbat plan kabitzen dira nire egunean? Egunak 25 ordu beharko lituzkeela pentsatzera iristeraino.

Euskal Herrian, historikoki eta baserriari lotuta, ez da baloratu egonean egotea, denbora pasatzen uztea. Baserrian lana egin behar da, beti dago zeregina. Hala ere, nago, ez ote den tenpo hori behar duguna: erlojuari beharrean naturaren martxari erreparatzea, harekin bat joatea. Lana bai, egonean egotea ere bai. Egonarriak dakar sortzea, dakar beste era batera eta beste zergati batzuengatik ekitea.

Etengabe lana egin beharra, batetik; eta denborari etengabe zukua atera beharra, bestetik. Baserriaren tradizioak eta hiriaren inposizioak leihotik begira geratzea zer den ahaztuarazi digute. Virginia Woolfek esan zuen moduan: “egonean gaudenak igeri goaz adaxkekin batera ur-lasterrean; hosto hilekin nahas-mahas belardian, arduragabe eta ezaxola, eta gauza gara, menturaz urteetan aurreneko aldiz ingurura begiratzeko, gora begiratzeko; esaterako, zerura”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!