Oihukatu, elkartu, sutu!

Urtean behin elkartzen gara herriak eta haurtzaroak betirako lotu gaituzten lagunak. Jaio ginen lekuak, jaio ginen urteak eta jaio ginenetiko generoak osatzen dute kuadrilla. Zortzi neskok elkartu gara berriz. Bata han bizi dela, besteak kanpoan lan egiten duela, hara eta hona gabiltzala gainontzekook. Urtero asteburu bat, gutxienez eta ezinbestean, guretzako bakarrik da.

Abiatu gara bariku arratsaldez Kantabriara, eta hiru egunetan zortzi neska gaztek jasan dezaketen biolentzia mailarekin beldurtuta bueltatu gara domeka iluntzean.

Nor bere mikromunduan bizi da. Nork berean bilatzen ditu babesguneak, aliantzak eta espazio seguruak. Eta, hala, egunerokotasuna erraz samar daramagu aurrera. Norbere bidetik ari gara zortziok, norbere lan, lagun, indargune eta ahulgune. Elkartu garenean, baina, besteek egin gaituzte ahul. Matxirulo kuadrilla bat baino gehiago hurreratu zaigu, deseroso ginela jakinda puztu direnak. Kotxea aparkalekutik ateratzeko atzean jarri zaizkigu, “zuek ez zoazte inora, gure jaira etortzea nahi dugu” esanez. Gutako batek “hau biolentzia da!” oihukatu dienean, euskaldunak izateari egotzi diote erantzuna. Baten faltan bi; zapalkuntzak beti elkar gurutzatzen.

Zerrendatu nezake hemen kabituko ez litzatekeena. Baina hau ez da anekdotario bat, horrexetarako arriskua baitu bestela. Hau gertatutakoaren kronika erreala da, nahi beste luzatu daitekeena. Mamia, ordea, ezagunegia egingo zaizue bati baino gehiagori. Egunero jasaten dugulako hau, zuzenean edo zeharka. Eta batzuetan, larriagotu egiten da, agerikoago egiten da. Araua betetzen ez duenak araua jasotzen du ordainetan, araua leherrarazten diote aurpegian.

Besteek ahul egin gaituztenean geure artean indartu gara. Eta beste behin konturatu gara geure artean babestu beharra dugula, kolektiboki ernegatu behar dugula, aliantzak sortu eta zapaltzen gaituena erraustu arte. Inork gutxik babestuko gaituelako, inork gutxik sinesten digulako eta gure hitza beti “ustezkoa” delako. Badugu susmopean ibiltzeaz nekatzeko garaia, arazoa erreala baita, benetakoa eta denoi gertatzen zaiguna. Biktima zein testigu bazara, ez isilik geratu, zeuri ere badagokizu jendarte guztiari dagokiona; inor ez baita neutrala martxan doan tren batean. Oihukatu, elkartu eta sutu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!