Iceberga begi-bistan!

Ezaguna da honezkero icebergaren irudia: zati ikusgarri bat du, baina urazaletik ikusezina den zatiak sostengatzen du. Estrapolatu irudia hainbat biolentzia mota azaltzeko, eta konturatuko gara agerian dagoena, ikusgarriena dena, beti sostengatzen duela ia ikusezina den zatiak. Badago oinarri bat, inplizitua dena, ikusgarria dena eta eskandalizatzen gaituena eusten dituena.

Samuelen erailketarekin esnatu ginen egun batean, eta askok pentsatuko zuen: “nola da posible?”, “XXI. mendean eta oraindik horrela?”… Icebergari punta ikusi arte itsasontzian doazenak ez dira larritzen; baina ikusi ez arren, egon badago, ikusi ez arren, icebergaren benetako sostengua urpean duen zati ikaragarri handia da.

Edonor hil arte jipoitzea dagoen ekintzarik nardagarriena da. Norbait hiltzea gordina bada, norbait hori minaren eta sufrimenduaren mugetaraino eramanez hiltzea are gordinagoa da. Samueli, beste askori lez, bizia kolpeka erauzi diote nahi duen hori izateagatik. Hala ere, azken jipoiaren aurretik jasotzen diren zaplazteko, irain, kokoteko, bazterkeria eta mespretxu bakoitza, hau da, icebergaren urpeko alde hori guzti hori, azken jipoia sostengatzen duena da. Gure eguneroko pentsamendu eta praktiketan dago giltza, albokoari nola begiratzen diogun eta nola tratatzen dugun.

Icebergaren punta agertu zein ez, aurrean izango gaituzue, iceberga, goi zein behe alde, guztiz hondoratzen denera arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!