Detaile poetikoa litzateke igande batez bueltatzea, baina tira, pentsatzen hasiak ginen Martin Larralderen antzera ez zinela sekula itzuliko. Afaltzera azaldu haiz, eta on dagiala!
Ibaizabalgo ur uherra desagertu da, eta errotondek beste itxura bat eman diote Ijjorretari. Mundua aldatu da, bai, baina euskarak jarraitzen du gure territorio libre bakarra izaten.
Kolosala izan zitekeen, baina apala eta elegantea izan da. Hainbat eta hainbat lagunen liburu kuttuna izan den Narrazioaken sartzeko modukoa. Oinarri batetik abiatuta hamaika mundu eraiki dituzu, eta mundu oso bati erregalatu dizkiozu, oso-osorik.
Izuen gordelekuetan barrena aritu gara zer edo zeren xerkan. Zeren bila? Erantzunen bila agian. Nondik gatozen eta nora goazen jakin guran. Ni ez bainaiz hemengoa, baina nongoa naiz ba?
Mende oso bat iragan dezaket zuen ondoan koplaka. Memoria gara, memoria ala ia ezer ez: hau da akorduan dudana, hau da Sarrionandiarengandik jaso dugun ondasun guziaren zati ttipi bat.