Norbere buruari diogun errespetu falta horrek islatzen du besteenganako errespetu falta.
Zenbat aldiz egon zara pantailari adiago parean duzun lagunari baino? Norbaitekin elkarrizketa sanoan egon eta mugikorra hartzen duzunean, salbuespenak salbuespen, aurrean daukazuna baztertzen duzu, pantailakoa bera baino gehiago inporta zaizula diozu. Ikusgarritasuna kentzen diozu lagunari, errealitatea ebaditu egiten da eta harekin batera bera ere bai, errealitate birtualean murgiltzen zaren bitartean.
Kontua ez da puritanismoa bizi eta aldarrikatzea; zorionez, inor ez baitago bekatutik libre. Hala ere, oreka bilatzen saiatu behar dugu: arduraz erabili pantailak, eta norbera zein ingurukoak zaindu; erabiltzen ikasi dugun era berean ikasi erabiltzeari uzten. Begiratu parean duzun gorputzari pantaila batek bien artekoa zapuztu gabe. Ikusi parean duzun gorputza, ikusi aldean duzun gorputza. Noizean behin begiratu autobuseko leihotik eta sentitu gauzak gertatzen ari direla, hemen eta orain. Hartu momentu bat, utzi alde batera pantailak, eta konturatu gaitezen bizitza beste leku batzuetan ere badela, badagoela.