Salbuespenak salbuespen, laguntasun harremanak ez dira telefono deien bidez sostengatzen; baina, are gutxiago, “gustuko dut” baten bidez. Zer duzu ba gustuko?
Kontaktu pila bat ditugu, informazioa barra-barra, pantailan bertan edonoren argazkia edonoiz eta edonon. Kalean burua altxatuz lotsati samar agurtu zaituenak zure argazkia gustuko duela diotsu mugikorrera iritsi berri zaizun jakinarazpen batek. Jakin badakigu sare sozialak ez direla lagunekin bakarrik konpartitzeko espazioak, eta zilegi ez ezik beharrezko ere badela laguntasun zirkulutik kanpoko jendearekin hartu-emana izatea, informazioa konpartitzea. Hala ere, sentsazioa dut, pantailetan murgildu garenetik gutxiago eta okerrago zaintzen ditugula harremanak, prekarioagoak bihurtu direla, eta birtualki komunikatzeko gaitasunak aurrez aurre elkarri denbora eskaintzeko gogoa eta elkarrekin bizitzeko tresnak erauzi dizkigula.
Hartzen dituzun hamar minutu horietan, agian, topatuko duzu sorpresaren bat edo beste. Informazioa eta estimuluak saldoka iristen zaizkigun garaiotan, sarritan konturatu ere ez gara egiten begien aurrean zer agertzen zaigun. Harremana eten zenuen aspaldiko lagun on bat oporretan dagoela erakutsi diezazuke argazki batek. Badira jada urteak elkarren berri ez duzuela, nahiz eta bata bestearen mugimendu asko kontrolpean dituzuen, pantaila dela medio. Gaur egun, laguntasuna bukatzea, fisikoki zein emozionalki elkarrengandik urruntzea, hori baino biolentoagoa bilakatu da sare sozialetan elkarren “lagun” izateari uztea. Baina ez ahaztu, pantailetatik burua altxa eta bizitza beste toki batean dagoela konturatuko zara.