Tartekatzea, baina, ez da askotan gertatzen, eta elkarrizketa behar zuena bakarrizketa bihurtzen da. Ohikoa da hau lagun bi baino gehiago elkartzen direnean ere: kasu horietan, batzuk beti daude isilik eta besteak ez dira sekula isiltzen. Hitzaren monopolioa hartzen dutenek ez dute delegatzeko asmorik izaten, eta hitzik gabe geratu direnek belarriak gorritu arte entzun beharko dituzte besteen kontuak. Eta ez pentsa hitzik gabe geratu direnek isiluneren bat aprobetxatu ahalko dutenik beraien ahotsa altxatzeko, ez gero! Hitzaren monopolioa dutenek ez dute beraien boterea deskuidatzen, albokoak zaintzen ez dituzten moduan zaintzen dute beren ahala, nagusitasuna. Gainera, taldean konplizeak daudenez, errazago eusten diote botereari, bata bestearen artean banatzen dituztelako berbak: “Divide et impera”, banatu eta garaitu. Garaipenaz gain, banaketa horrek beste abantaila bat du boteretsuarentzat, bakoitzak bere burua zuritzea ahalbidetzen duelako: “Besteak ere nik beste berba egin du eta”. Eta gainontzekoek zenbat isildu duten konturatu al zarete? Nola ba! Besteen isiltasuna lotsari, berezi samarrak izateari, ezjakintasunari… leporatuko diote. Ez al dira ba behingoz konturatuko beraiek hitz egiten dutelako isiltzen direla beste batzuk? Talde batean hitzaren monopolioa hartzen dutenek jakin behar dute inor ez dela isiltzen beraiek hitz egin dezaten, baizik eta beraiek hitz egiten dutelako daudela besteak isilik, beraien hitz jario gogaikarriak ez diola beste inori ahoa zabaltzen uzten.