UTOPIA vs ERREALITATEA

Zaldibarko zabortegia autopista gainera amildu zenetik hamabost egun pasatu dira, eta oraindik ere nahasmenez, informazio faltaz eta arduragabekeriaz kutsatutako kea arnasten jarraitzen dugu.

Amesgaiztoak, baina, amets egitera eraman nau. Etorkizun posible bat irudikatu dut, horrela suertatzea zaila izango den gertaeren multzo bat osatu: Eitzaga auzoko gertakariak Euskal Herria astindu du, eta pitzadurak eragin ditu egitura solidoetan. Informazio zehatz eta gardenak hasi dira iristen, bakoitzak bere gain hartu ditu ardura eta erantzukizunak; tantaka iristen dira dimisioak, eta epaiketa batek horrelako egoera batean lortu daitekeen justiziarik justuena lortzen du. Apurka bada ere, badoa herritarrok hain ozen eskatzen duguna betetzen: “Zaldibar argitu”.

Gero, ilunetik argira datoz gure eguneroko praktiken inguruko autokritikak: zenbat zabor sortzen dugu? Alferrikako zenbat hondakin? Horrela, gure azken urteetako jitea aldatzen hasten da: “janaria igo, zaborra jaitsi” dinamika albo batera uztea lortu dugu. 

Diotenez, utopiek bidean aurrera egiteko balio dute, eta horregatik beharrezkoa da halakoak sortzea. Horregatik egin dut amets amesgaiztoaren erdian. Hala ere, oraingoz, benetako lehentasunak ez dira bete, eta orainari eta errealitateari erreparatzea dagokigu: pertsona bi aurkitzeke daude eta Zaldibarrek ilunduta jarraitzen du. Jendarte baten historia sortzen eta kudeatzen duen zaborraren arabera kontatu daiteke, eta gureari, zati bati behinik behin, kiratsa dario.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!